Egurraren sektorea

Euskal enpresek erabiltzen duten egurraren %68 hemengo basoetakoa da

Egurraren prezioa gora egiten ari da Baskegur elkartearen arabera, eta horrek sektorea indartzen lagunduko duela uste du.

jarraia136602.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko uztailaren 5a
16:44
Entzun

Egurraren inguruko ikuspegia aldatzen ari da apurka; hala azaldu du Federico Saiz Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteko presidenteak. “Askotan pentsatu izan da egurrezko eraikinak ez direla hain sendoak, eta su errazago hartzen dutela”. XX. mendean egurrezko egiturak zituzten eraikin gutxiago egin ziren, eta horren eraginez egurra lantzeko jakituria galdu dela azaldu du Saizek, baina azken boladan ikuspegia aldatzen ari dela dio, era berean. “Kontsumoa aldatzen ari da, eta diseinatzaileen artean berriz ere modan jartzen ari da egurra”. Azken 25 urteetan garapen positiboa izan du egurrak, haren ustez. Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %2 ordezkatzen du sektore horrek, eta 18.000 lanpostu sortzen ditu.

Joera aldaketaren lekuko jarri du Saizek egur kontsumoaren datua. Euskal enpresek erabiltzen duten egurraren %68 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako basoetakoa da, eta %30 inguru autonomia erkidegoetakoa. Ez dute zehaztu hortik zenbat den Nafarroakoa. Erabiltzen den egurraren %2 soilik ekartzen da nazioartetik. Martxoan, Europa hego-mendebaldeko egurrezko eraikin handiena eraikitzen hasi zen Vivesa Hondarribian (Gipuzkoa), egitasmo publiko-pribatu baten ekimenez. Egur guztia bertako basoetakoa da, eta halako egitasmoak sustatu beharraz hitz egin du Saizek. Azken finean, halako proiektuek bultzatuko baitute egurraren sektorea, eta baita produktuaren inguruan dagoen ikuspegi aldaketa ere.

Alde horretatik, hezkuntzan ere lan handiagoa egin behar dela aldarrikatu du. Egurra lantzeko jakintza galdu den heinean hori berreskuratu beharko delako, Saizen ustez. Horregatik, egurra lantzeko Hezkuntza Profesionaleko titulazioen sorrera positibotzat jo du.

Egurraren sektorea indartzen ari delako lekuko izan daiteke, era berean, egurraren prezioak izan duen bilakaera. Azken urteetan, %5 eta %10 artean handitu da haren balioa. Hala ere, kontuan hartu behar da sektoreak bi krisi izan dituela 2008. urteaz geroztik. Batetik, finantza krisia, eta, bestetik, 2008. eta 2009. urteen artean Landetan izandako haize boladek eragindakoa. Baso asko erauzi zituen haizeteak, eta, horren eraginez, egurraren prezioa minimoetara iritsi zen. Krisi hori gainditu, eta balioa hazten ari da apurka. “Merkatu global batean gaude, eta Europan egurraren prezioa hazten ari den heinean, hemen ere gora egingo du”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.