BBKren, Kutxaren eta Vitalen bat egiteak langile gehienen babesa ere jaso du. Kutxetako arduradunek bat-egiteak langileen lan baldintzetan izango dituen aldaketak hitzartu zituzten atzo CCOO, Piskanaka Kaskari eta Grupo Independiente sindikatuekin, hiru langiletik biren ordezkariekin. Hala ere, oraindik zintzilik geratu da lan harremanen esparru geografikoaren kontua.
ELAk akordioa baztertu du, «Hego Euskal Herriko langileei negoziazioaren eremua erabakitzea eragozten dielako eta etorkizuneko lan baldintzak pobretzen dituelako». Akordioa Espainiako lan harremanen esparruan oinarritzen dela salatu du. LABentzat akordioa «ez da nahikoa».
Kutxek langileekin lan baldintzak hitzartu dituztela baieztu zuten. Akordioak langileei «lasaitasuna eta egonkortasuna» emango diela nabarmendu zuten.
Berez, Bilduren esanetan, kutxetako agintariek konpromisoa hartu zuten langileen erabakia errespetatzeko lan harremanen eremu geografikoari buruz: Hego Euskal Herrikoa —berria, propioa—, edo Espainiakoa —gaur egun aplikatzen zaiena—. ELAk eta LABek langileen artean galdeketa lotesle bat egiteko eskatu dute, lan harremanen esparrua erabakitzeko.
Atzo, ordea, kutxetako arduradunek uko egin zioten lan baldintzei buruzko akordioan lan harremanen esparruari eta galdeketari buruzko zehaztasunak sartzeari. Kutxetako ordezkarien esanetan, lan baldintzen akordioa ez da lekua halako xehetasunak jasotzeko, eta beste eremu batzuetan hitz egin behar da gai horiei buruz.
ELA «atsekabetuta» dago Bilduk kutxekin sinatu duen akordioarekin, «ez baitu bermatzen, inola ere ez, negoziaziorako euskal eremua». Sindikatuarentzat «paradoxa» da Bildurekin akordioa lortu arren, zuzendaritzek Espainiako negoziazio kolektiborako eremuaren alde egitea.
Galdeketa
LABek datorren urteko lehen hiruhilekoan egin nahi du galdeketa hiru kutxen Hego Euskal Herriko langileen artean. Kutxek, momentuz, proposamena aintzat hartu ez dutela ikusita, LABek bere kabuz bultzatuko du galdeketa. «Egingo da», esan du sindikatuak. Hala ere, gainerako sindikatuekin eta kutxekin hitz egiten jarraitu nahi du, galdeketaz akordioa lortzeko.
LABek ez du zehaztu gaur, BBKren eta Vitalen batzar nagusietan, zer bozkatuko duen. Batzarretan bertan jakinaraziko du.
Kutxen arabera, ez dituzte «neurri traumatikoak» hartuko eta langileen lan baldintzei eutsiko diete. «Akordio honek integrazio prozesua indartu du eta etorkizuneko lan harremanen negoziazioen oinarria izango da», esan dute kutxek.
Hala ere, gerta daiteke langileek lan harremanen euskal esparruaren alde egiten badute, sindikatuek eskaera handiagoak egitea eta orain hitzartutako zenbait lan baldintza aldatu behar izatea.
Euskadiko CCOOk lan baldintzei buruzko akordioaren zenbat zehaztasun eman zituen. Hiru kutxek 500 langile ingururi erretiro aurreratua emango diete 2014ko urtarrilera arte, atzoko akordioaren arabera. Lantokiz aldatu beharko duten langileei, berriz, «konpentsazio oso garrantzitsuak», Euskadiko CCOOren esanetan. Xabier Iturbe Kutxako presidenteak asteartean esan zuen mila langilek inguruk hartu behar dutela erretiroa datozen zazpi edo zortzi urteetan.
2013tik aurrera
2013tik aurrera bateratuko dituzte hiru kutxetako langileen zenbait lan baldintza: lanaldiak eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei egiten dizkieten ekarpenak.
Lan itunei dagokienez, hiru urtekoak izango dira. Langileek berritu gabe dituzte iazko urte amaieratik. Soldata igoera urteko kontsumorako prezioen indizearen igoera errealaren parekoa izango da aurten, 2012an eta 2013an.
Lan baldintzen akordioarekin, kutxetako arduradunek CCOOren, Piskanaka Kaskariren eta Grupo Independiente Vitalen botoak bermatu dituzte bat-egitearen alde. Bildurekin akordioa lortuta, sindikatuenak ez ziren premiazkoak Kutxaren batzar nagusian bat-egitea ziurtatzeko. CCOOk 25 ordezkari ditu guztira, hamarna BBKn eta Kutxan, eta bost Vitalen. Grupo Independientek sei ditu Vitalen eta Pixkanaka Kaskarik bi Kutxan.
Kutxen bateratzea
Euskal eremurik gabeko akordioa lortu dute langileekin
Lan baldintzak hitzartu dituzte, baina emandako hitza jatea leporatu diete ELAk eta LABek kutxei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu