ekonomia

Euskal gehiengo sindikalak manifestazioa egingo du Madrilen, negoziazio kolektiboaren erreforma salatzeko

Apirilaren 5ean izango da ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruren ekimena. Espainiako hiriburuan egingo duten aurreneko mobilizazioa izango da. "Egoera larriak bizi ditugu, eta Madrilen erakutsi nahi dugu beste eredu sindikal bat badagoela".

2011ko martxoaren 22a
13:31
Entzun

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk osatutako euskal gehiengo sindikalak, negoziazio kolektiboaren erreforma salatzeko asmoz, Madrilen manifestazioa egingo du apirilaren 5ean. Gaur eman dute neurriaren berri. Haien ustez, erreforma "joera antidemokratiko baten ondorioa" da, eta "euskal esparruko gehiengo sindikalen eragina ukatu" nahi du. Erreforma hori euskal sindikalgintzari egindako eraso bezala hartu dute sindikatu deitzaileetako ordezkariek. "Hazi egin gara, baina negoziatzeko aukera kendu nahi digute, negoziatzen ez baduzu, ez baitzara ezer", Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan.

Lehen aldiz mobilizatuko dira euskal sindikatuak Madrilen. "Egoera larriak bizi ditugu une hauetan, eta Madrilen erakutsi nahi dugu beste eredu sindikal bat badagoela", azaldu du Muñozek. Azken bi urteetan hiru greba orokor deitu dituzte, eta "mobilizazio eredu hori" Espainiako hiriburura eraman nahi dute.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan duenez, ekimena langileen eskubideen defentsa eta eredu ekonomiko berri baten beharra indartzeko egingo dute. Krisia sortu duten politikak egiten jarraitzea ez dela bideragarria ere azpimarratu du, eta horretarako "euskal gehiengo sindikalak proposamenak eta alternatibak ditu".

Espainiako CCOO, UGT, CEOE eta CEPYME aritu dira negoziazio kolektiboaren erreforma hitzartzen. Euskal sindikatuetako ordezkariek kritikatu dutenez, "CCOO eta UGT erabaki hauek babesten ari diren heinean, langileak desmobilizatzen ari dira", Etxaidek azaldu duenez, eta azpimarratu du sindikagintza hark ez duela eremurik.

ELAk duela egun batzuk onartutako ebazpenaren arabera, Hego Euskal Herrian negoziazio kolektiborako eskubidea murriztuko zaie langileei, eta erreforma horren izaera politikoa kritikatu dute. "Erabakiak hemendik kanpo hartuko dira, hemengo erabakitzeko aukerei indarra kenduz", Etxaidek gaur adierazi duenez.

2010eko irailean Espainiako Kongresuan onartutako lan erreforman hartu zuten negoziazio kolektiboaren erreforma egiteko konpromisoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.