Euskal Herrian 183.500 langabe zeuden joan den irailean, urteko bigarren hiruhilekoan baino 3.200 gehiago, INE Estatistika Insitutuaren EPA inkestaren azken datuen arabera. Hala ere, langabezia tasa berdintsu mantendu da, %12,3an —iaz baino 0,96 puntu apalago—, biztanleria aktiboaren igoerari esker (+22.900).
INEren eta INSEEren datuak bilduta egin du kalkulu orokorra Gaindegiak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bigarren hiruhilekoan baino 200 langabe gutxiago zenbatu ditu INSEEk, eta lehen hiruhilekoan baino 800 gutxiago.
Hego Euskal Herriari dagokionez, azken hiruhilekoan langabezia igo egin da, INEren arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta jaitsi Araban eta Nafarroan. Araban 1.300 langabe gutxiago daude EPAren arabera, eta Nafarroan 1.200 gutxiago. Gipuzkoan, berriz, gorakada txiki bat islatu du estatistika institutuak, 300 langabe gehiagorekin. Igoerarik handiena, edozelan ere, Bizkaian kalkulatu du INEK: 5.500 langabe gehiago.
Nolanahi ere, azpimarratzekoa da langabezia datuetan INEk eta Eustatek emandako datuen arteko aldea Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan. Urteko lehen hiruhilekoan, esaterako, Eustatek INEko EPA inkestak baino 16.300 langabe gehiago zenbatu zituen hiru lurraldeetan, eta bigarren hiruhilekoan 17.400 gehiago. Hirugarrren hiruhilekoan, ostera, parekatu egin dira bi institutuen irakurketak, eta bien arteko aldea 1.600 langabera jaitsi da: hiru lurraldeetan 133.300 langabe daude EPAren arabera, eta 131.700 Eustaten arabera.
INEren datuekin jarraituz, eta langabezia tasari erreparatuz gero, Gipuzkoa da tasarik apalena duena (%10,35), Araba (%12,16) eta Nafarroa (%12,41) ditu atzetik tasa oso paretsuekin, eta Bizkaiak dauka daturik txarrena, %15,5eko tasarekin.
Europatik urrun
Europako Batasuneko herrialdeetako egoerarekin alderatuta, Euskal Herriko langabezia tasak EBko batez bestekotik 4,1 puntu gorago jarraitzen du. Hirugarren hiruhilekoan %8,3koa zen EBko batez besteko langabzia tasa, eta %12,3koa Euskal Herrikoa. Bakarrik lau herrialde daude egoera okerragoan: Grezia (%22,6), Espainia (%18,9), Katalunia (%14,6) eta Zipre (%12,5). Beste muturrean daude, aldiz, Eskozia (%4,6), alemania (%4,3) eta Txekiar Errepublika (%4,1).