Kontraboterearen benetako ispilua, sustatzaileen arabera horixe da Euskal Herriko eskubide sozialen agiria. Gutuna lantzen aritu dira euskal sindikatuen gehiengoa —ELA, LAB, ESK, Eilas, EHNE Bizkaia eta Hiru— eta baita mugimendu sozialen ordezkaritza zabal bat ere. Joan den ekainean aurkeztu zuten denen parte hartzearekin landutako gutuna, eta, orduz geroztik, atxikimenduak bildu eta sentsibilizazioa zabaltzeko lanetan ari dira eragileak. Ildo horretan, gutuneko oinarriak interpelazio politiko eta instituzionala egiteko erabiliko dituztela ere aurreratu dute.
Euskal Herriko eskubide sozialen agiriaren Koordinazio Nazionala aurkeztu dute. Helburu gisa jarri dute “batzar nazionalak erabakitako plangintza aurrera eramatea, eta unean uneko aldarrikapenen garapena artikulatzea”. Hamabi kidek osatuko dute mahai hori, sei ordezkari sindikalismotik, eta beste seiak gizarte mugimenduetatik. Hauek izango dira:
- Mugimendu feminista: Amaia Zufia
- Sexu aniztasuna: Ibai Fresnedo
- Eskubide sozialak: Walter Wendelin
- Ingurumena: Mila Elortza
- Osasun arloa: Iñaki Moreno
- Gazteria: Endika Perez
- ELA: Mikel Noval
- LAB: Edurne Larrañaga
- ESK: Txejo Ortega
- Eilas: Ana Perez
- Bizkaiko EHNE: Unzalu Salterain
- Hiru: Esteban Murumendiaraz
Koordinazio mahai horrek ekimen ugari bideratuko ditu datorren urtean. Besteak beste, 2015eko martxoaren 14an mobilizazio nazionala egingo dute. “Mobilizazioaren lekua eta formatua zehazteko daude oraindik”. Baina argi utzi nahi izan dute egungo eredu sozialak ez duela balio, eta mobilizazio nazionalarekin eredu sozial alternatiboa aldarrikatuko dutela. Baina ez hori bakarrik, urte bereko urriaren 24an Bilbon Alternatiba egingo dute. Hau da, alternatiben herrixka moduko bat antolatu nahi dute, joan den urtean Baionan egin zuten ekimenaren ildotik. Alternatibaren helburua, beraz, klima aldaketaren arloan mobilizazio maila indartsua sortzea litzateke, “herritarren presioa COP-21ean garrantzitsua izan dadin”. NBEk Parisen klimaren inguruko goi bilera egingo du urtearen amaieran, eta bertan eragina izatea litzateke helburua. “Klima alda dadin sistema aldatu behar da”, aldarrikatu dute Euskal Herriko eskubide sozialen kartaren sustatzaileek.