Ekonomia

Euskal Herriko Itsas Foroaren fakturazioa krisi aurrekoa izan liteke urte amaieran

2.350 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta aurten %9ko hazkundea aurreikusten dute; lanpostu kopurua ere %2 hazi da.

EHko itsas foroaren batzar nagusia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko ekainaren 16a
12:35
Entzun

Egoera bere onera itzultzen ari da itsas sektorean. Euskal Herriko Itsas Foroak urteko batzar nagusia izan du gaur Bilboko Portu Agintaritzaren egoitza nagusian, eta bertan emandako datuak norabide horretan doaz. Fakturazioa krisi aurreko garaietako mailara itzultzea aurreikusten du 2016 amaieran, iaz baino %9 gehiago. Kopuru horiek dirutan honako hauek lirateke: 2015ean 2.350 milioi euro fakturatu zituen foroak, eta aurten 2.500 milioi eurotara iristea espero du. Igoera hori enpleguan ere sumatuko da, %2 haziko delako langileen kopurua urte amaierarako, eta 16.500 enplegaturen mailara iritsiko da. Datu hori, ordea, ez da krisi aurreko mailara itzuliko, orduan 18.000 langiletik gertu zebiltzalako foroa osatzen duten enpresak.

Gaurko batzarrean eman dituzten datu on horiek zerikusia daukate ontzigintzaren sektorearen hobekuntzan. Txina eta Hego Korea dira mundu mailan sektore honetan pisu handiena duten herrialdeak, baina joan den urtean behera egin zuen euren eraginak, eta Europak gora egin zuen. Kontinentearen barruan, Espainiari begiratu diote foroko arduradunek, eskaerek %0,9 egin zutelako gora joan den urtean, tax-lease berria martxan jarri izanaren ondorioz. Kontratazio horrek euskal ontziolei eragin zien, baina aurten oraindik ez dute eskaerarik jaso.

Horrez gain, itsasoko energia eolikoan egon da albisterik. Etorkizunean bogan egongo den sektorea izango dela jakitun dira foroan, eta horien mantentzean lan egingo duen talde bat sortu dela aurreratu dute gaurko batzarrean. Asaken, Eldu eta Ingeteam euskal enpresek Offshore Windfarms Maintenance (OWM) taldea sortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.