Datu adierazgarriak jarri ditu gaur mahai gainean Ernai gazte erakundeak. 15 eta 24 urte arteko hamar gaztetik lau lan barik daude, krisia hasi zenetik baino bi gazte gehiago. Baina kontuan hartu behar da datu horiek ez dutela ezkutuko ekonomia aintzat hartzen. Ernaik egindako txostenaren arabera, gazteen %65 kontraturik gabe ari dira beharrean. “Hauetako gehienak emakumeak eta etorkinak dira”, azaldu du Irati Sienra erakundeko kideak. Eta horrek ondorio zuzena du euren egoera ekonomikoan, pobreziaren mugatik behera baitaude gazteen %72. “Euskal Herriko pobreziaren muga 937 eurokoa da. Kontratudun gazteak %35 gara, eta batez besteko soldata, 1.100 eurokoa”. Lortzen diren kontratu horiek, gainera, aldi baterakoak dira batez ere. Kontratu batekin lanean ari diren gazteen %95,5 aldi baterako ari baita une honetan.
Krisi ekonomikoak eragindako “prekaritate egoerak” bi ondorio zuzen dakarzkie gazteei. Batetik, emantzipatzeko ezintasuna: “Gazteok dagoeneko ez dugu pentsatu ere egiten emantzipazioaz”, diote txostenean. Eta, bestetik, atzerrira gero eta gazte gehiago joaten direla lan bila: “Ipar Euskal Herrian egiturazko arazoa da barnealdea hustea; Hegoaldean, 2012an 22.300 gaztek alde egin zuten, gehienak —%62,9— Espainiako Estatutik kanpora”. Datu horiek eskuan, krisia hasi zenetik atzerrira doazen gazteen kopuruak %43 egin du gora.
“Egoera horri aurre egiteko, ezin zaio honaino ekarri gaituen pentsamendu eskemari jarraitu”, esan du Sienrak. Horretarako, euskal estatu propio bat aldarrikatu du gazte erakundeak, eta politika egiteko beste modu bat: herritarren parte hartzean oinarritua. Eta burujabetzaren aldeko bide horretan kanpaina bat abiatuko du Ernaik martxoan. Lehen mobilizazioa datorren astean Bilbon egingo den ekonomia foroaren aurkako mobilizazioa izango da, eta, ondoren, maiatzaren 3rako, Bilbon manifestazio nazionala antolatu dute Gazteok burujabe: larrutu sistema, eraldaketa gure baitan lelopean.