«Bidaiak kontsumo ohitura bihurtu dira Europako herritarrentzat. Aisialdiagatik bidaia gehiago egiten dituzte. Garai batean udako oporretan bakarrik ateratzen baziren ere, orain nahiago izaten dute oporraldiak laburrago eta maizago egin. Baldintza horietan gurea bezalako turismo eremua, hiria eta kultura uztartzen dituena, nahiko maila egokian dago». Koro Garmendia Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailburuordearen berbak dira. Azken orduko datuek haren adierazpenak berresten dituzte: ekainean 181.082 bidaiarik hartu zuten ostatu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino ia 18.000 gehiagok.
Gorakada etengabea izan da azken urteetan. «Pixkana-pixkana, baina igotzen ari gara». Koro Garmendiaren berbok Henry Lauque Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Turismo Agentziako presidentearenak, edota Mar Torres Etxeberria Nafarroako Kultura eta Turismo Saileko kabinete buruarenak izan zitezkeen, turismoaren hazkundea Euskal Herri osoan gertatzen ari baita.
Lauquek hegaldi merkeek eragin duten aldaketa nabarmendu du, «jende anitz gehiago» ekarri dutelako. Ipar Euskal Herrian7 milioi gaualdi kontatzen dituzte gaur; hau da, 2000. urtearekin konparatuz, 2,5 biderkatu dira. «Egonaldi laburragoak dira, eta, beraz, jende gehiago dago. 2000n ez ginen milioi bat turistara heltzen, eta orain, zazpi milioi lagunek bisitatzen gaituzte».
ESKAINTZA HANDITU EGIN DA. Hazkuntza kanpalekuetan nabaritu dute, batez ere. 2004 eta 2005 artean, okupazioa %17 hazi zen. Biziki garatu da eskaintza, eta etxetxoen alokatzeak emendatze handia izan du. Maiatzetik irailera zabaltzen da okupazioa, eta, oro har, 40.000 pertsona hartzeko gaitasuna dago Lapurdiko kostaldean. Kopurua xumeagoa da Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Guztira 2,2 milioi gaualdi dira departamenduko kanpalekuetan, gehienak Euskal Herrian (%90). Hotelekin konparatuz, departamenduan 2,7 milioi dira, gaualdien %73 Euskal Herrian.
Nafarroa Garaian, berriz, azken hamar urteotan ia bikoiztu egin dira turistei eskainitako egoitzak. Torres Etxeberriak emandako datuen arabera, iaz Nafarroak 919.238 bisitari izan zituen, 2004an baino %7,8 gehiago, eta 2001. urtean baino %27,7 gehiago. Iruña Park hoteleko gerenteak aitortu duenez, sanferminak amaituta gelak hustu badira ere, aurton jaien ostean ez dute patxada hartzeko betarik izan, sasoi honetan inoiz baino bezero gehiago dituztelako. Nafarroako Gobernuak 10,9 milioi euroko inbertsioa egin zuen iaz turismoa sustatzeko. Aurton 1,8 milioi igo du aurrekontua, herrialdeko turismo-marka sortu eta ezagutzera emateko. «Ahalegin handia egin dugu azken urte bietan lurraldea ezagutzeko bidaiak sustatuz, Hegaztien Behatokia, Kirola Noski, golf Gourmet eta halako ekimenak sortuz, turismo webgunea berriztatuz eta hiru milioi txosten banatuz».
Gainerako hiru herrialdeetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, joan den urtean 1.825.043 bisitari izan zituzten, aurreko urtean baino %4,3 gehiago. Eustat erakundeak egunotan kaleratu dituen datuen arabera, 2006an eutsi egin zaio gorakadari, bai kopurutan bai egonaldietan: 2005eko ekainaren aldean, bidaiariek %9 gau gehiago igaro dituzte aurten.
EGONALDIAK LUZATZEA, ERRONKA. Garmendia Jaurlaritzako sailburuordeak aitortu du arduratuta daudela turistak etorri, bai, baina ez direlako luzaroan geratzen. Batez besteko egonaldia txikia da: «Ez gara bi gauetara iristen». Hori gertatzen da, besteak beste, turisten %40 lanagatik datozelako, eta, beraz, hor eragitea zaila egiten da. Oporretara datozen bisitarien egonaldia luzatzeko, berriz, Jaurlaritzak ahalegin berezia egin nahi du.
Hasteko, sarean jarri nahi dituzte turismo bulegoak. «Bisitaria gurean dagoela, edozein tokitako bulegok gai izan behar du informazio eske datorkionari beste lurralde edo herrietako bateko eskaintza ezagutzera emateko, turistek egonaldia luza dezaten».
Turistei galdetu eta haien gurariak aztertu dituzte. «Kulturak erakartzen ditu, baina ez bakarrik museoak eta halako azpiegitura fisikoek; euskal kulturak, hizkuntzak, izaerak, ohiturek eta, batez ere, gastronomiak ekartzen ditu Euskal Herrira». Eskaintza horisendotzeko lekuan lekuko ezaugarrietan sakondu nahi dute: Arabako Errioxan hasi dira dagoeneko ardoaren inguruko turismoa sustatzen; eta bertakoa sendotutakoan, txakolinaren eremuetara hedatu nahi dute; Done Jakue bidea egokitu dute; eta natura turismoa bultzatzeko mendiko bizikleten eta mendiko bideen aukerak bultzatu nahi dituzte.
Besterik uste bada ere, naturak berak baino bisitari gehiago erakartzen ditu hiriak. Bilbok izan du azken urteetan hazkunderik handiena. Iaz 550.264 bisitari izan zituen. Hiria ezaguna egiteko museoa nahikoa ez eta, munduanBilbok dituen aukera gastronomikoak eman dituzte ezagutzera. Ricardo Barkala Ekonomia Sustatzeko zinegotziak argi egin du berba: «Zenbakiak oso positiboak diren arren, turismoari dagokionez Bilbok den-dena dauka egiteko. Azpiegiturekin asmatu dugu, baina kultura, aisialdia eta ekitaldien inguruko eskaintza areagotu egin behar dugu».
«Edozein bulegok gai izan behar du beste herrietako eskaintza emateko, turistek egonaldia luza dezaten»
koro garmendiaeusko jaurlaritzako turismo sailburuordea«2000n ez ginen milioi bat turistara heltzen, eta orain, zazpi milioi lagunek bisitatzen gaituzte»
henry lauqueiparraldeko turismo agentziako presidentea
Euskal Herrira hiri eta kultura bila etortzen dira turistak nagusiki
Apurka bada ere, turismoak gorakada etengabea izan du herrialde guztietan azken hamar urteotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu