Euskal Kostako Ospitale Zentroko hauteskundeetan aurkezteko eskubidea onartu diote LABi

Ostegunean aztertu zuen sindikatuaren helegitea Paueko administrazio auzitegiak. "Garaipen handia" dela erran du sindikatu abertzaleak.

Argitxu Dufau eta Xan Briali, LABeko kideak. LAB
2018ko azaroaren 12a
12:36
Entzun

LAB sindikatuaren aldeko erabakia hartu du Paueko Administrazio Auzitegiak, eta, ondorioz, Euskal Kostako Ospitale Zentroko sindikatu hauteskundeetara aurkezten ahalko da. Joan den, urriaren 19an erregistratu zuten hauteskunde zerrenda Baionako ospitalean, kazetari talde bat lekuko hartuta. LABen zerrenda atxiki zuen giza baliabideen zuzendariak, baina dokumentu bat eman zien beren zerrenda ezin zuela onartu jakinarazteko. Administrazio auzitegira jotzea erabaki zuen sindikatu abertzaleak, eta gaur jakinarazi du honek arrazoia eman diela: ospitaleko funtzio publikoko sindikatu hauteskundeetara aurkezten ahalko dira. "Garaipen handia da", sindikatu abertzalearen hitzetan.

LAB sindikatuak nabarmendu du Euskal Kostako Ospitale Zentroko zuzendaritzak aukera duela Paueko Administrazio epaitegiak hartutako erabakiari helegitea emateko, baina oraindik ez dute haiekin komunikatzeko paradarik izan. Helegitea ematea “harrigarria” balitzateke ere, ez dute aukera bakar bat ere baztertu nahi. “Ez dakigu nondik heldu diren presioak”, adierazi dute.

Abenduaren 6an iraganen dira funtzio publikoko sindikatu hauteskundeak, eta lehen aldia da LABek Euskal Kostako Ospitale Zentroan zerrenda aurkeztuko duela. "22 pertsona agertu dira prest zerrenda osatzeko; erran nahi du behar bat badela; LAB beharrezkoa da ospitalean", adierazi zuen Argitxu Dufau LABeko kideak zerrenda aurkeztu zuten egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.