Saitec Offshore Technologies enpresak eta Biscay Marine Energy Platform (Bimep) enpresa publikoak ostiral honetan sinatu dute euskal kostaldean aerosorgailu flotatzaile baten prototipoa jartzeko kontratua. Armintzako portuaren parean (Bizkaia) egongo da, kostaldetik bi kilometrora.
Instalazioak 2MW-eko turbina bat du, eta 30 metroko zabalera eta 67 metroko luzera; egitura hormigoizkoa da. Sare elektrikora egongo da konektatuta, eta espero dute 2.000 etxe ingururentzako energia sortzea. 2021eko hirugarren hiruhilekoan jarriko dute martxan. Hiru urte eta erdiz egongo da probetan. Munduan instalatutako gisa horretako bederatzigarren plataforma da, eta Europako bosgarrena.
Bimepek finantzatu du egitasmoa. Sozietate publiko hori 2011n sortu zuten, energiaren alorrean itsaso zabalean saioak egiteko plataforma bat garatzeko. Bazkide nagusiak dira EEE Energiaren Euskal Erakundea, %75eko parte hartzearekin, eta gainerako %25a dute Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta AIDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak.
Azpiegiturak Saitec Offshore Technologies enpresaren teknologia erabiliko. Luis Gonzalez-Pinto operazio zuzendariak esan du «aurrerapauso handia» dela prototipoa eskala errealean egitea; euskal erakundeen babesa nabarmendu du. «Euskal Autonomia Erkidegoak industria oso aktiboa du sektore honetan, eta uste dugu proiektu honek euskal industria eoliko flotatzaileari bultzada handia eman diezaiokeela». David Carrascosa Saiteceko zuzendari teknikoak azpimarratu du proiektuaren %70 tokiko industriak egingo duela.