Euskal pentsio sistema «afera politiko eta soziala» da LABen ustez

Gizarte segurantza propioa «bideragarria eta ezinbestekoa» dela azaldu dute sindikatuko kideek

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Balizko euskal gizarte segurantzaren inguruko gaia behin baino gehiagotan agertzen ari da hauteskunde kanpainan PP eta PSE-EE alderdien aldetik. Atzo, ordea, LAB sindikatuak hitz egin zuen, bi alderdien jokaera kritikatzeko: «Helburu bakar batekin ari dira horri buruz hitz egiten: beldurra zabaltzeko». Haien esanetan, datu ekonomikoak manipulatzen ari dira, «euskal gizarte segurantza bideragarria ez dela sinetsarazteko». Bada, baieztapen hori gezurtatu nahi izan du Bea Martxueta arlo sozialeko arduradunak. «Bideragarria eta ezinbestekoa» dela esan du, eta gogorarazi du ez dela kontabilitate kontu bat, gai politiko eta soziala baizik.

Hego Euskal Herriko pentsiodunek jasotzen duten saria ez dela «opari» bat ohartarazi du, «enpresa eta langileon kotizazioekin finantzatzen baita». Haren esanetan, 2004. eta 2009. urteen artean, esaterako, 11.700 milioi euro «transferitu ditugu kutxa bakarrera», eta gaur egun erreserba funtsean dauden 60.000 milioi euroetatik %7,28 euskal erakundeetatik bideratu dela azpimarratu du Martxuetak, «kontzertu ekonomikoaren arabera neurtuz gero». Madrilera transferitu den diru kopuru hori, ordea, ez da egindako inbertsioetan ordezkatua ikusi, sindikatuko ordezkarien esanetan. Izan ere, 2004. eta 2009. urteen artean 3.520 milioi euroren inbertsioak egin ditu Espainiako Gobernuak, «batez ere estatuaren konpetentzia diren eremuetan».

Hori gerta ez dadin, euskal gizarte segurantza bermatzeko eskatu dio LABek hurrengo Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Parlamentuari. «Eztabaida serio bat egin dezaten eskatzen diegu, pentsioak hemen eta orain bermatu ahal izateko». Sindikatuak proposatu duen sistemak oinarri batzuk izango lituzke, hala nola ordainsariak hobetzea, kalitatezko gizarte zerbitzuen garatzea, bizitza laborala eta pertsonala egokitzeko politikak indartzea, ezkutuko ekonomia azaleratzea edo zerga politika justu eta progresibo bat ahalbidetzea. Euskal pentsio sistema bermatzeko, berme funts bat sortzea ezinbestekoa litzateke, Espainiako Gizarte Segurantzako erreserba funtsetik dagokion zatia hartuko lukeena, eta pentsio pribatuen planei hobari fiskalak ezabatu. Gainera, pentsioetarako gastu publikoa gehitzea proposatu du LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.