Enpresak

Euskaltel burtsara doa

Kutxabank, Iberdrola eta International Cable bazkideek adostu dute "unerik egokiena" dela Euskaltel kotizatzen has dadin.

Euskaltelek burtsara aterako dela iragarri du. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko ekainaren 3a
14:47
Entzun

Otsailean iragarritako asmoak berretsi ditu Euskaltelek. Burtsaratzeko prozesua abiaraztea erabaki du. Bilbo, Madril, Bartzelona eta Valentziako burtsetan kotizatzen hasteko eskaera egingo du konpainiak urteko lehen hiruhilekoaren "emaitza sendoek" enpresaren "hazkundea" berretsi eta gero. Kutxabankek, Iberdrolak eta International Cablek osatzen dute euskal telekomunikazio enpresa. Jauzi hori egiteko "unerik egokiena" dela adostu dute. Hala, nazioarteko kapitala sartuko da aurki Euskaltelen.

Otsailean esandakoaren arabera, egoitza soziala eta fiskala EAEn mantenduko lituzke, baina informazio horri buruzko datuak ez ditu orain eman konpainiak. International Cable 2012tik da akziodun. Akordio bat sinatu zuten orduan hiru jabeek, esaten zuena Euskaltelek egoitza fiskala eta soziala, marka nahiz jarduera garatzeko oinarrizko aktiboak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mantenduko zituela. Konpromiso horiei eustea hitzartu zuten akziodunek otsailean.

Zamudioko konpainiak uste du "lehentasunezko posizioa" duela une honetan, eta nazioarteko merkatuen hazkundea bere alde jartzeko garaia dela. Elkartearen akzioen salmenten eskaintza baten bidez egingo du burtsaratzea. J.P. Morgan Securities PLC eta UBS Limited ariko dira prozesuaren administratzaile gisa. BBVAk eta Citigroupek, berriz, administrazio lan horiek osatuko dituzte.

Burtsaratzeko prozesua

Egungo akziodunek konpromisoa hartuko dute kotizatzen hasi eta 180 egunetara akzioak ez saltzeko (lock-up). Epe horretan ezingo dituzte euren akzioak baliatu prozesuaren administratzaileen baimenik gabe. Zuzendaritzako kideek beste xhainbesteko konpromisoa hartuko dute kotizatzen hasi eta 360 eguneko epean.

"Oinarrizko mugarri bat da Euskaltel markarentzat eta konpainiaren historian aro berri baten hasiera", esan du Alberto Garcia Erauzkin presidenteak ohar baten bidez. "Euskaltelentzat albiste bikaina da beste akziodunen sarrera, azken urteotako testuinguru konplexua arrakastaz gainditu ondoren". Garcia Erauzkinek Euskaltelen "posizio bikaina" nabarmendu du, baita "marka sendoa" eta inbertsio gehiago behar ez dituen ehun optikoa ere.

Euskaltelek 321,2 milioi euroren sarrerekin itxi zuen 2014. urtea; ebitda (irabazi gordinak) 155,9 milioikoa izan zen; 113,6 milioi euroko kutxa erabilgarria izan zuen, gainera, eta irabazi garbiak 50 milioi eurorenak izan ziren. Aurtengo lehen hiruhilekoan %2,1 hazi da urtearteko tasan etxeko bezeroei dagokienez. Erabiltzaile bakoitzak ekartzen dion sarrera hilero 55,2 euro dira batez beste. Sakelakoei dagokienez, %8 hazi da urteko lehen hiru hilabeteetan.

Sarri aipatutako ezkongaia

Azken urteotan, sektorean gailentzen ari diren bat egite eta salerosketak ikusita, zalantzan jarri izan da Euskaltelen etorkizuna, duen tamaina txikiagatik. Sektorearen diru sarrerak %35 jaitsi dira 2007tik, eta, horren eraginez, Hego Euskal Herriko merkatua konpainia gutxi batzuek kontrolatzen dute. Behin baino gehiagotan aipatu izan da Euskaltelen izena erosle eta erosgaien artean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.