Enpresak

Euskaltel: “Gaur jaio da estatuko iparraldeko telekomunikazio talde nagusia”

Euskalteleko akziodunek R Cable galiziarra 1.190 milioi eurotan erostea onartu dute.

Alberto Garcia Erauzkin, Euskalteleko lehendakaria, ordulariari begira. Euskaltel burtsan sartu zen egunean. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2015eko azaroaren 12a
12:36
Entzun

Aurretik iragarrita zegoen erosketa, baina akziodunen onarpen ofiziala falta zen. Gaur iritsi da oniritzia, Euskaltelen Derioko egoitza nagusian egindako akziodunen ohiz kanpoko batzar orokorrean.

Alberto Garcia Erauskin Euskalteleko presidenteak nabarmendu du Espainia iparraldean lider bihurtzea dela helburua. “Gaur jaio da estatuko iparraldeko telekomunikazio talde nagusia”. Aurrerantzean bost milioi biztanleko merkatua izango du Euskaltelek, etxeko eta enpresetako 715.000 bezerori zerbitzu emanez. Erosketaren ostean, 570 milioi euroko diru sarrerak izango ditu telekomunikazioen euskal konpainiak.

Guztira, 1.190 milioi euroko faktura pagatuko du Euskaltelek R Cable erosteko, Galiziako konpainiak 2015eko irailaren 30ean zuen 300 bat milioi euroko zorra ere kontutan hartuta. Operazioaren zatirik handiena zor bidez finantzatuko du Euskaltelek: bankuekin sinatuta zituen 600 milioiren kredituak berriro negoziatu ditu eta 300 milioi gehiago mailegatu dizkiote lau bankuk. Beste zati bat kapital handitzearen bidez pagatuko du: 255 milioi eurotan zabalduko du kapitala, eta Abancak 80 milioi euro jarriko ditu. Horrela, R Cableren akzioen %30 zituen Abanca Euskaltelen akziodun bihurtuko da orain. Kutxabank da Euskaltelen akziodun nagusia (%30), eta horrela jarraituko du aurrerantzean ere.

R Cable erosita, 1.300 milioiko zorra geratuko zaio Euskalteli, bere Ebitdaren %5etik behera. Enpresaren onurak neurtzen ditu Ebitdak, interesak, zergak, aktiboen balio galerak eta amortizazioak kontuan hartu barik.

Erauskinek batzarrean nabarmendu du urte borobila izan dela aurtengoa konpainiarentzat: “Urte historikoa izan du aurtengoa Euskaltelek. Hogei urte bete ditugu euskal merkatuan lanean, eta denbora tarte ezin laburragoan, zortzi hilabetean, arrakastaz atera gara burtsara. Gaur, berriz, batzar orokorra ari gara egiten, Euskaltelek bere historia osoan inoiz egin duen operazio handienarentzat akziodunen babesa eskatzeko, R Cable erosteko, alegia. Etorkizuneko Euskaltelen giltzarrietako bat izango da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.