Enpresak

Euskaltelek 49 milioi euro irabazi ditu irailera artean

Irabaziak %10,7 handitu ditu iazko emaitzekiko, ezohiko ordainketa batzuetara 16,7 milioi euro bideratu arren. Taldearen kontuek Telecableren ekarpena jasotzen dute lehen aldiz.

Euskalteleko buruzagiak azkeneno akziodunen batzordean. MIGUEL TOñA / EFE
Irune Lasa.
2017ko urriaren 27a
12:12
Entzun

Euskaltel taldeak 49,7 milioi euro irabazi ditu urtarriletik irailera bitartean, eta beraz, iazko epe horrekiko bere emaitzak %10,7 handitu ditu. Hori bai, bitarte horretan 16,7 milioi euro bideratu behar izan ditu ezhoiko ordainketa pare bat egitera, hala nola, Telecableren erosketako kostu batzuetara eta Espainiako telebista publikoa finantzatzeko tasa pagatzera (CRTVE tasa).

Hain zuzen, Asturiasko Telecable erosi berriaren abuztuko eta iraileko ekarpenak ere jasotzen ditu Euskaltelek CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean aurkeztutako azken hiruhilekoko txostenak. Orotara, urteko lehen bederatzi hilabeteetan Euskaltelek 444 milioi euroko diru sarrerak izan ditu. Pilatutako Ebitda 219,2 milioi eurokoa izan da, iazkoa baino %4,7 handiagoa.

Ebitda horretan eragiten du, zehazki, CRTVE tasak. Ekainean egindako araudi aldaketa baten ondorioz, Euskaltel taldeko enpresak behartuta daude diru bat pagatzera Espainiako telebista publikoa finantzatzeko: telekomunikazioetako diru sarreren %0,9 eta telebistako diru sarreren %1,5.

Bezero kopuruetan, etxebizitzen sektorean %17,5 hazkundea izan du Euskaltelek urtebetean, eta enpresetan %5,9koa. Epe horretan, eskuko telefonoetako 161.000 linea berri gehitu ditu, 915.000 linea pilatzeraino. Ordaineko telebistan iaz baino 127.000 bezero gehiago ditu, 394.000 orotara.

Euskaltel Taldearen administrazio kontseiluak dibidendua ordaintzeko erabakia hartu duela ere jakinarazi du. 22,7 milioi euro izango dira, 0,127 euro akzioko, 2018. urteko otsailaren lehenean ordainduko direnak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.