Telekomunikazioak

Euskaltelek marka mantenduko du Nafarroan

Virgin Telco izenarekin zabalduko da Espainian, Orange telekomunikazio enpresaren sarea erabiliz.

Euskaltelen iazko akziodunen batzarra. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko maiatzaren 20a
13:26
Entzun

Koronabirusaren krisiak ez du eten Euskaltelen asmoa, eta, krisi betean egon arren, bere marka Espainiara zabaltzeko asmoari eutsi dio. Virgin Telcom izango da marka berria. Izena Virgin Ingalaterrako telekomunikazio enpresarekin hitzarturiko lankidetza proiektuaren bitartez lortu du, eta Orangen sarea erabiliko du zerbitzuak eskaintzeko. Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan du egoitza, baina Nafarroan ez du izenik aldatuko; Euskaltel marka mantenduko du.

Zegona inbertsio funtsak Euskaltelen akzioen %21 erosi zituenetik argi utzi zuten negozio eremua Espainiara zabaldu nahi zutela. Nola eta zeinen eskutik egiteko prozesuak urtebete iraun du, eta dagoeneko jakina da zein baldintzatan egingo duen. Telefono finko zein mugikorra, Internet eta ordainpeko telebista eskainiko dute. Pauso hau emateko 80 eta 90 milioi euro arteko inbertsioa egingo du 2025era bitarte.

Euskaltel taldeak —Telecable Asturiasko operadorea eta R Galiziakoa ere barnean dira— tarte horretan bere bezero kopurua 2,3 aldiz handiagoa izatea espero du, eta hiru milioi sakelako telefono lineatara iristea. Enpresak, izan ere, behar du pizgarri bat, iazko martxoan 1.513 milioi euroko zorra onartu baitzuen, bankuek hura birfinantzatzeko erraztasunak eman zizkioten arren.

Eskaintzari dagokionez, malgutasuna da ezaugarri nagusietako bat, eta, eskaintza ikusita, ez dago prezio baxuko konpainien merkatuan. Virgin Telcomek 300 edo 600 megako zuntz bidezko konexioa eskaintzen du, telefono finkoa hautazkoa da, eta bi telebista aukera  daude (50 kate zortzi euroren truke eta 80 hamalauren truke). Sakelakoari dagokionez, eskaintza guztiek mugagabeko deiak dituzte, eta hainbat mega kopurutako aukerak daude.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.