Enpresak

Euskaltelek urtero %6 igo nahi du emaitza, salmentak 1.300 milioira iristeko 2025ean

Konpainia laranjak diru sarrerak eta bezeroak bikoiztu nahi ditu Espainian zabaltzeko planaren bidez

Euskalteleko txrrindulari taldea aurkezten, konpainiako gidariak. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
xabier martin
2020ko martxoaren 10a
12:45
Entzun

Taldearen diru sarrerak 685 milioi eurokoak izan ziren 2019ko ekitaldian, eta 1.300 milioi eurora iritsiko dira sei urte barru, Miguel Angel Garciak gidatzen duen enpresaren hedatzea aurreikusi bezala ateratzen bada. Euskaltel urtero %6 haziko dela uste du enpresak, batez beste, eta egungo 345 milioietatik 500 milioi euro ingurura iritsiko dela. Espainiako hedatzeari esker eta «kostu eraginkortasunari esker», espero dute kutxa fluxua 240-280 milioi eurokoa izatea 2025erako; hau da, 2019an baino %60 handiagoa. Horrez gain, Virgin markaren bidez egingo duten zabaltzeari esker, telekomunikazio finkoen bezero oinarria halako 2,3 bihurtzea nahi du taldeak; alegia, 1,5 milioi bezerotik gora izatea sei urte barru. Gainera, sakelakorako zerbitzu kontratatuei dagokienez, 2025ean hiru milioi baino gehiago izango dira: gaur egungo oinarria halako hiru.

Euskalteleko kontseilari ordezkariak taldearen 2020-2025 Negozio Planaren gakoak aurkeztuko dizkie gaur inbertitzaileei. Gako horien arabera, datozen urteetan hazi egingo dira finantza eta negozio nagusiak; «hazkunde hori errentagarria izango da, eta, funtsean, hedapen nazionalaren plana gauzatzean oinarritzen da», konpainiak jakinarazi duenez. Euskaltelek 2020ko bigarren hiruhilekoan ekingo dio hedapen horri, iparraldeko merkatu naturaletik harago; Euskal Herrian, Asturiasen eta Galizian «oinarri sendoa» duela gogoratu du konpainiak, Euskaltel, R eta Telecable markei esker.

Espainia osorako jauziarekin, merkatuaren % 85era iritsi nahi du Erresuma Batuko Zegona funtsak leman jarri zuen gidariak, Jose Miguel Garciak, eta 18,4 milioi etxeri zerbitzua eman. «Hedapen plan horren bidez, hazkunde errentagarrirako aukera berriak izango ditu taldeak, eta horietan oinarrituko da konpainiak bezero kopuruan eta errentagarritasunean izango duen bilakaera positiboa».

Euskaltelen aurreikuspenen arabera, gaur egungo bezero oinarria bikoiztu baino gehiago egingo da, bai finkoko zerbitzuetan, bai sakelakoetakoetan. Hala, espero du telekomunikazio finkoko bezeroak gaur egungo oinarria halako 2,3 izatea eta 1,5 milioi bezerotik gora izatea lortzea, 800.000 bezero berri gehituta arlo finkoan; halaber, espero du datozen bost urteetan taldearen bezero oinarriaren %50 gaur egungo merkatuetako erabiltzaileak izatea eta gainerako %50a merkatuaren gainerako %85a izatea, hedapenak ekarriko dituen bezero berriak alegia, Virgin markapean.

1.300 milioiren diru sarrerak

Bestalde, aurreikuspenen arabera, sakelakoetako zerbitzu kontratatuak hiru milioitik gora izango dira 2025ean; kontuan hartuta erabiltzaileek gaur egun sakelakoetako milioi bat zerbitzu erabiltzen dituztela, hirukoiztu egingo da gaur egungo bolumena. Nola finkoko hala mugikorreko bezeroen hazkundearen ondorioz, diru sarrerak ia bikoiztu egingo dira datozen bost urteetan, eta urteko batez besteko hazkundea %11koa izango da. Taldearen diru sarrerak 685 milioi eurokoak izan ziren 2019ko ekitaldiaren itxieran, eta 1.300 milioi eurora iritsiko dira tarte horretan. Euskaltelek espero du taldearen diru sarrera guztien %40 Espainiako lurraldeetara egindako hedapenari dagokion negoziotik etortzea 2025ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.