Urtetik urtera euro bat gehiago irabaztea; horixe da Euskaltelek orain arte izan duen helburua, eta datorren urterako izango duena. Aurten euro bateko kopurua soberan gainditu du telefonia konpainiak, diru sarrerei dagokionez %1 egin baitu gora joan den urtearekin alderatuz gero, eta denera 333 milioi euro bildu ditu. Irabazi garbiei dagokionez ere gora egin du, %17,4 hain zuzen ere. 38,4 milioi euroren irabaziak izan ditu aurten Euskaltelek; iaz 32,7 milioi eurokoa izan zen.
Era honetan, krisia hasi zenetik izan duen ibilbideari jarraipena eman dio, laugarren urtez jarraian irabaziak lortuz. Emaitza horiek «sektorearen historiako krisirik okerreneko hirugarren beherakada urtearekin» batera etorri direla nabarmendu zuten, izan ere, aurten telefonia sektoreak %4ko jaitsiera izan du.
Datozen bost urteetarako inbertsio plana indartuko duela azpimarratu zuen Garcia Erauzkinek, eta epe horretan 240 milioi euro inbertituko ditu Euskaltelek. Besteren artean, sakelako telefonoentzat sare propioa zabaltzeko erabiliko dute diru kopuru hori, eta «berrikuntza teknologikoan sakontzen jarraituko dugu». 1998an enpresa sortu zenetik, 1.700 milioi euro bideratu ditu Euskaltelek, «banda zabalaren ahalmena areagotzeko batez ere».
Euskaltelek aurten lortutako irabazi horiek ulertzeko, orain arte enpresako presidente izan den Jose Antonio Ardanzaren lana azpimarratu nahi izan zuen Alberto Garcia Erauzkin presidente berriak. Urteko balantzeak aurkezteko ekitaldia aprobetxatu zuen Ardanza presidente ohiak Euskaltelekin azken agerraldi publikoa egiteko. Edozein modutan, Garcia Erauzkinen «laguntzaile soil» gisa joan zen agerraldira.
12 urtez karguan
1999an enpresaren gidaritza hartu zuenetik 12 urtez jardun du presidente postuan, eta denbora epe horretan enpresak izandako bilakaera azpimarratu nahi izan du. «2000. urtean eguneko 25-30 milioi pezetako galerak geneuzkan, eta orain 18 milioi pezetako irabaziak dauzkagu eguneko», adierazi zuen. Orain, 70 urte bete berriak dituela, kargua uzteko garaia zela iritzi dio.
Hazkundea, edozein modutan, ez da diru kopuru aldetik bakarrik izan. Baita bezeroen aldetik ere. Izan ere, Euskaltelek eskaintzen dituen negozio guztietan gorakada izan du enpresak, horietako batzuetan «marka historikoak» lortuz.
Iraganean banda zabalean egin zuten inbertsioaren fruituak jasotzen ari dira oraindik Euskaltelen, eta negozio horretan liderra da, 2011n %6,1eko hazkundea izan eta gero. Denetara, 243.000 linea baino gehiago ditu, eta euskal merkatuan banda zabalaren protagonista nagusia dela azpimarratu du Garcia Erauzkinek.
Telebista digitalari dagokionez, «datu positiboak» lortu dituzte, %22,5eko hazkundearekin eta 160.000 abonaturekin. Sakelako telefonoen negozioak ere goranzko joera izan du 2011n, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien hazi den operadorea izan da. %10eko igoera izan du, eta une honetan 246.000 bezero dauzka. Azkenik, telefonia finkoko sektorean ere gorakada izan du «merkatu heldua» izan arren. Banda zabaleko sarea hedatzearekin batera, sektore honek ere gora egin du, eta2010etik %4,5 hazi da. Denetara 390.000 bezeroko kopurura iritsi da.
Inbertsoreak, atzetik
Urtetik urterako goranzko joera hori ikusirik, Euskaltelekiko «berebiziko interesa duten hainbat inbertitzaile daude merkatuan», Garcia Erauzkinek adierazi zuenez. Oraindik ez dira inorekin negoziatzen hasi, baina «gisa horietako inbertsoreak barneratzearekin pozik geundeke, betiere bazkideen oniritzia jaso eta gero». EAEtik kanpora irteteko proiektuak ere esku artean ditu telefonia konpainiak, eta Garcia Erauzkinek aurreratu zuenez, «2012an egitasmo horietako bat gauzatzea posible izan daiteke». Edozein modutan, ez zuen xehetasun gehiagorik eman nahi izan.
Orange konpainiarekin dituen tirabirei buruz luzeago hitz egin zuen. Nazioarteko Ebazpen Auzitegiak EuskaltelOrange-ri 222 milioi euroko kalte-ordaina ematera behartu zuen.Euskaltelek Amenarekin harremanak eten zituen 2006an, eta Amena telefono konpainiaren oinordekoa da Orange. Harremanak eten eta gero Orangek esan zuen Euskaltelen bezeroak bereak zirela, eta konpainia frantsesak bezeroak bereganatzea leporatu zion Euskalteli. Auzitegiak arrazoi eman zion. Euskaltelek helegitea aurkeztu zuen, baina atzera bota zioten. Orangek EAEko Auzitegi Nagusira jo du, sententzia betearazteko, baina oraindik ez du ebazpena kaleratu.
Zigorra «neurriz kanpokoa, eta bidegabea» dela nabarmendu zuen Garcia Erauzkinek atzo. «Arrazoia daukagu».
Eta 222 milioi euroak ordaindu beharko balitu? «Eurorik ez ordaintzea espero dugu», erantzun zuen Garcia Erauzkinek. «Ez lieke bezeroei eragingo», argitu zuen. 222 milioi euroak lanpostuak eta aberastasuna sortzeko erabiltzea bideragarriagoa iruditzen zaizkio.
Euskaltelen irabaziak %17,4 igo dira; sektorea, berriz, %4 jaitsi da
Bost urtean 240 milioi euro inbertituko ditu, eta horietatik zati handi bat sakelako telefonoen sare propioa zabaltzeko izango daHazkunde nabarmena izan du aurten linea eta bezero kopuruetan ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu