Euskaltelen zati handi bat inbertitzaile pribatu bati saltzeko epea inolako akordiorik gabe amaitu da. Telefonia konpainiako akziodunen eta Trilanticen arteko negoziazioek huts egin dute, AEBetako arrisku kapitaleko funtsak oso eskaintza eskasa egin duelakoan.
Kutxabank da Euskaltelen akziodun nagusia; BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak bere aldetik zituzten akzioak bilduta, enpresaren %67,93 dauka. Mario Fernandezen bankuak bere partaidetza %50etik behera jaitsi nahi du, hartara ez baititu Euskaltelen kontuak —eta batez ere haren zorrak— bere kontu propioetan zenbatu behar. Operazioa gauzatzeko eta eskaintza kaskar bat onartu behar izateko presa gutxiago du orain Kutxabankek, Euskaltelen zamarekin ere aise gainditu duelako Oliver Wymanek egindako estres azterketa.
Operazioaren porrotak arazo gehiago sor diezazkioke Eusko Jaurlaritzari, lor zezakeen dirua baliatu nahi zuelako kontu publikoak arintzeko. Euskaltelen %7,45 du bere esku Jaurlaritzak, eta Eusko Legebiltzarrak gaur arteko epea eman zion bere partaidetza saltzeko. Salmentaren amu nagusia zen Euskaltelekin batera erosleak telekomunikazio sarea bereganatuko zuela. Jaurlaritzarena da sarea, baina orain arte Euskalteli alokatu dio, huskeria baten truke.
Bi aukera mahai gainean
Telefono konpainiaren beste akziodunak Iberdrola (%11,85), Endesa (%10,64), eta Mondragon dira (%2,13). Beren parte hartzeak osorik edo erabat gainetik kentzeko gogoa dute.
Operazioaren porrotak hurrengo asteotan erabaki garrantzitsuak hartzera behartu ditu Euskaltelen akziodunak. Izan ere, Orangeri 222 milioi euroren kalteordaina pagatu ahal izateko, 125 milioiren behin-behineko mailegua eman dio Kutxabankek berak. Bankuak ez duenez kreditu hori bere kontuetan nahi, bi aukera soilik geratzen dira: mailegua akzio bihurtzea edo Euskaltelen kapitala handitzea, mailegua bere gain hartu ahal izateko.
Euskaltelen zati handi bat saltzeko operazioak ez du aurrera egin
Gaur amaituko da telefono konpainia saltzeko Legebiltzarrak Jaurlaritzari emandako epea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu