Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztuko du 2014. urterako aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean. Horrekin batera, kontuak osorik argitaratuko ditu. Heldu den urterako gastua aurtengoa baino handiagoa izango da, baina ez da iritsiko 2012ko aurrekontuetan zuten diru kopurura. BERRIAk Kultura eta hizkuntza sailean jasotako diru partidak aztertu ditu. Biharko egunkarian sailez saileko datu nagusiak zabal aztertuko ditu BERRIAk.
Xehetasunen artean, datuetako bat da euskararen sustapenari eskainitako dirua %2,3 igoko dela. 2013an baino diru gehiago da (2,3 milioi euro), baina aurrekontuek batez beste izandako igoeratik urrun dago. Kulturari eskainitako dirua %2,6 igoko da. Gorakadarik handiena duten funtzioen artean daude turismoa (%42) eta merkataritza (%24), 2013rako murrizketa handienetakoak jasan zutenetako bi. 2013. urteko proiektuaren alderatuz gastuan behera egin duten alorrak lau dira: gizarte ongizatea (-%3,5), komunitate eta gizarte zerbitzuak (-%3,9), finantza arauketa (-%6,9) eta industria (-%8,7).
Guztira, 10.215 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du Iñigo Urkulluren gobernuak, 2013ko proiektuan baino %9,6 gehiago. Haatik, zorpetzeari lotutako gastuak izan duen hazkunde apartaren efektua aintzat hartuz gero, sailek eskura izango duten dirua %5,9 gehiago izango da. 2012ko aurrekontuekin alderatuz, %2,2 txikiagoa da aurrekontua, baina, zorraren zamaren eraginez, iaz baino 600 milioi gutxiago izango ditu gastatzeko.
Aurtengo aurrekontu proiektua ezohikoa izan zen. Historiako murrizketarik handiena – 1.132 milioi euro – iragarri zuen gobernuak. Azkenik, proiektu hori ez zen aurrera atera, oposizioko alderdi bat berak ere ez zuelako babestu. Edozein modutan, aurten ez zuela kontu horietan ezarritako gastu muga (9.316 milioi) gaindituko agindu zuen Jaurlaritzak.
Zorpetzea alde batera utzita, benetan gastatzeko 526 milioi gehiago izango ditu eskura gobernuak 2014. urtean. Egoera aurtengoa baino hobea da, baina oraindik 2012an baino 600 milioi gutxiago gastatu ahalko ditu. Aurrekontuaren programa gehienetan kalkulatu den gastua 2013ko proiektuan zegoena baino handiagoa da, baina bat bera ere ez da iristen 2012an zuen zenbatekora, zorpetzea izan ezik.