Enpresak

Eusko Jaurlaritza Navalen kapitalean sartzea aztertzen ari da

Iñigo Urkullu lehendakariak "posible" ikusten du "parte hartze txiki bat" izatea Sestaoko ontziolan.

Jon Fernandez.
2017ko irailaren 14a
10:01
Entzun

Lehendakariak Onda Vasca irratian aitortu du Naval "egoera delikatuan" dagoela, eta urriaren 7az geroztik "prozedura konkurtsal ahalik eta ordenatuenean" sartu behar dela, akziodunak ez baitira gai izan kapitala handitzeko. Azaldu du Jaurlaritzaren apustua dela ontziolak irekita jarraitzea, eta horretarako lanean ari dela; gobernua konpainiaren kapitalean sartzea aztertzen ari dela gaineratu du, baina zalantzan jarri du hori izan behar ote den Jaurlaritzaren rola krisian dauden konpainia guztiekin.

"Gobernua krisian dauden enpresa guztien akziodun egin beharko litzateke?", galdetu du lehendakariak. "Kasu honetan hitz egiten ari gara kudeaketa eredu batek zigortu duen enpresa bati buruz, zeinak 140 milioi euroko zorra baitauka. Eta hitz egiten ari gara Eusko Jaurlaritza kapitalean sartzeaz? Zertaz ari gara horrela hitz egiten dugunean? Ekimen pribatuaz? Estatalizazioaz? Nazionalizazioaz?".

Hala eta guztiz ere, Urkulluk adierazi du Navalen kasuan "posible dela Eusko Jaurlaritzak parte hartze txiki bat izatea kapitalean", bestelako inbertsio lerroen bidez eta "kreditu parte hartzaileen bidez" laguntzeaz gain. Hori egiteko prest dago gobernua, uste duelako Naval bideragarria izan daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.