Energia berriztagarrietan eta kontsumo eraginkorrean 4.900 milioi euroren inbertsioak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. 2010. urte bitarterako plangintza osatu eta Europako Batasunaren ildoen araberako energia garapen iraunkorra sustatu nahi dute. Era horretan, azpiegitura gehiago eraiki eta kanpoko energia menpekotasuna murriztea lortu nahi dute.
Jaurlaritzak atzoko gobernu bileran hartutako erabakiaren arabera, Kyotoko Itunean oinarritutako plana osatu dute. Balizko energia aurrezkia sustatzea eta energia berriztagarrien erabilkortasuna nabarmen bultzatzea dira beraien helburu nagusiak. 2010ean energia berriztagarriek eskariaren %12 asetzea dute xede.Energia modu eraginkorrean erabiltzeko aurrera eramango duten programaren bidez, urtean petrolioaren 975.000 tonabaliokide (ptb) aurreztea espero du Jaurlaritzak. 630 milioi euroko inbertsioa egingo du. 494 milioi euroren energia aurreztera bideratuko ditu, urtean petrolioaren 823.000 tona baliokideen aurrezkia eragingo baitu. Gainerakoa, kogeneraziora edo elektrizitatea eta energia termikoa ekoiztera bideratuko ditu.Sektoreei dagokienez, industriako, garraioko eta zerbitzuetako energia kontsumoa murrizteko 613 milioi euroren inbertsioa egitea erabaki dute. Izan ere, balio erantsia eta lehiakortasuna areagotzeko hobekuntza teknologikoaren garrantziaz jabetu eta laguntza ekonomiko zuzenak indarrean izango direla adostu dute. Era horretan, petrolioaren 583.000 tona baliokide aurreztu daitezkeela azpimarratu dute, 2002. urteko kontsumoaren %48ren baliokidea, beraz.
Energia kontsumoaren %31, garraioak
2000. urteko energia kontsumoaren %31 garraioen sektoreari zegokion eta, horrenbestez, balizko murrizketa nabarmena izan daitekeela ohartu dute. Azken finean, garraio ohiturak aldatzeko eta erregai alternatiboen ikerketa eta garapena sustatzeko ahaleginak egingo dituzte, besteak beste. Hamar miloi euroko inbertsioarekin urtero 314.000 ptb aurreztuko direla aurreikusi dute. Zerbitzuetako aurrezkia, berriz, 58.000 tpbtan zenbatu dute.
«Energia iturri berriztagarrien aldeko apustua» Kyotoko Ituna bete eta energia menpekotasuna murrizteko tresna izango dela baieztatu eta 2010erako egungo ekoizpena hirukoiztea dute xede. Hori dela eta, 1.083 milioi euroren inbertsioak egingo dituzte, orotara, energia minihidraulikoan, haize errotetan, eguzkiko energian, biomasan eta olatuetako energian.Haize errota gehiago ekoitziko dira datozen ekitaldiotan, «baina potentzia handiagokoak, lur eremu txikiagoari eragiteko». Paper-fabriketako, nekazaritzako eta araztegietako hondakinez baliaturik, biomasako energia ere nabarmen gehituko dela nabarmendu eta bioerregaien kasua gogora ekarri dute.Azpiegiturei dagokienez, kanpoko menpekotasun energetikoa murriztea dute helburu. Gas naturaleko eraikinetan 545 milioi euroko inbertsioa hitzartu dute, jada indarrean den oinarrizko sarea garatzeaz gain, Europako sareekin bat egiteko.
Ikerketa eta garapenarekin, «prezio lehiakorragoak»
Zenbait azpiegitura elektriko, ostera, itxi egingo dira, baina gasezko ziklo konbinatuko lantegi berriekin ordezkatzea erabaki dute. Energiaren garraiorako bideak eta hornikuntza bermeak ere hobetu nahi dituzte. Petrolio gaien erreserbak bermatzera eta baliabide berrien bilaketa lanetara 490 eta 115 milioi euro bideratuko dituzte, hurrenez hurren.
Teknologia berritzaileen garrantzia azpimarratu du Jaurlaritzak txostenean. Beharrezkoa iritzi diete energiako sistemen, ekipoen eta teknologien garapenari eta berrikuntzari. Industriari, zerbitzuei eta eraikinei dagokienez, kontsumo apalagoko azpiegiturak aldarrikatu dituzte. Azken finean, ikerketa eta garapenean esfortzuak aldarrikatu dituzte, «prezio lehiakorragoak» ekarriko dituztelakoan.
ENERGIA
Eusko Jaurlaritzak 4.900 milioi euroko energia plana onartu du
Kyotoko Ituna betetzeko asmoz, gas naturaleko eta ziklo konbinatuko azpiegiturak eraikitzeko 2.595 milioi euroren inbertsioak egingo dituzte 2010a bitartean; kanpoko energia menpekotasuna murriztea dute xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu