Esne ekoizleei diru laguntza zuzenak emateko prest dago Eusko Jaurlaritza. Asko jota, 3.750 euro izango dira etxalde bakoitzeko. Foru aldundiei beste hainbeste diru emateko aukera ireki die Gobernuak, baina Europako Batasunak ezarri dituen mugak gainditu gabe: hiru urtean abeltzainei gehienez 7.500 euro ematea baimendu du Bruselak.
Laguntza horiek bermatzeko, 800.000 euroko aurrekontua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak atzo, Gobernu Kontseiluaren bileran. Sektorearen egoera «zailak» beharrezko egiten dituela zehaztu dute, «salmenta prezioek batzuetan ez dutelako ekoizpen kostuak estaltzeko balio». Halaber, bilera horretan, Europako Batasunak nekazaritza sektoreari bideratzeko beste 47 milioi euro onartu zituen Jaurlaritzak.
Europak esne ekoizleei laguntzeko erabakia hartu eta biharamunean eman zuen Jaurlaritzak laguntzen berri. Hain zuzen ere, 2010. urtean esne sektoreari beste 280 milioi euro ematea onartu du Bruselak, estatukideek egindako presioaren ondoren. Mariann Fischer Boel EBko Nekazaritza komisarioak ohartarazi du erabaki horrekin kutxan geratzen zen diru guztia gastatuko dutela eta ez dela ezer geratuko beste arazorik badago.
Fischer Boelek azaldu zuenkuoten araberako diru banaketa egin behar dutela eta gehienez mila euro jasoko dituela nekazari bakoitzak. EHNEk uste duenez, Hego Euskal Herriko etxaldeei, gehienez ere, 450 euro emango dizkiete.
Egun bateko elikadura
Europak onartu dituen neurriak, EHNEren irudiko, «adabaki hutsak» dira, eta benetan nekazaritza politika «ausarta» falta dela salatu du. Abeltzain bakoitzak jasoko duen diruarekin, asko jota, 80 behi dituen baserri batean egun baterako elikaduran gastatzen dena ordaindu liteke, sindikatuak egindako kalkuluen arabera.
Laguntzak ez direla bidea adierazi du EHNEk, gainera. «Hemen merkatu arazo larria dago».
Eusko Jaurlaritzak ere dirua emango die esne ekoizleei, 3.750 euro gehienez
Europak iragarri dituen diru laguntzak «adabaki» hutsa direla ohartarazi dute EHNEko abeltzainek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu