Joan den astean Navaleko akziodunek hartzekodunen konkurtsoan sartzeko erabakia hartu zutenetik Sestaoko (Bizkaia) ontziolaren inguruko adierazpenak areagotu egin dira. Gaur goizean, langile batzordeak prentsaurrekoa eskaini du Navalen atarian, eta Eusko Jaurlaritzari dei egin dio ontziolaren kontrola bere gain hartzeko. 2006. urtean pribatizatu zuten ontziola, eta orduko hartan langile batzordeak eta Jaurlaritzak ohar bateratu bat argitaratu zuten, eta, bertan zioenaren arabera, pribatizazioak Naval “porrotera” eramango zuen. “Ontziolaren jarraipena bermatu ahal izateko talde publikoan [lehen Izar, gaur egun Navantia] txertatu beharko litzateke Naval”, adierazi du Juanjo Llorden langile batzordeko idazkariak. Horregatik dei egin diote Jaurlaritzari ontziolaren kontrola bere gain hartzera.
Ontziolaren akziodun nagusi Ingeteam eta Muruetaren kudeaketa ere kritikatu dute langileek, azken hamar urteetan “kontrolik gabe” eutsi diotelako Navali. “Ontziolaren etorkizunean pentsatu baino gehiago, euren enpresak aberasteko baliatu dute Naval”. Horregatik ere eskatu dute Eusko Jaurlaritzaren kontrola ontziolan, pribatizazioaz geroztik kontrol publikorik gabe jardun dutelako lanean. Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuari, Jaurlaritzari eta SEPIri eskatu diete negoziazio mahai bat osa dezatela ontziolaren etorkizuna bermatu ahal izateko. “Espainiako Gobernua eta SEPI dira enpresa honen porrotaren erantzuleak, eta, horregatik, irtenbide bat eskaini behar die”, Llordenen arabera.
Ostegunean, akziodunekin batzartuko dira langile batzordeko bederatzi kideak, eta bertan “egungo egoerara iritsi izanaren inguruko azalpenak” espero dituzte langileek. Hala ere, ez dute itxaropen handirik: “Bost minutu edo ordu erdi bateko iraupena izan dezake, ez dakigu”. Eurek, bederen, egungo egoerara eraman dituzten arrazoien inguruan galdetuko diete, eta ardurak eskatuko dituztela aurreratu dute. Baina ez dira bakarrik joango bilera horretara: langile guztien babesa bilatze aldera, asteazkenean 18:00etan itxialdia hasiko dute ontziolako bulegoetan. Ostegunean, 18:00etan dute bilera, eta ordu erdi lehenago langileei dei egingo die bilerara lagundu ditzaten.
Bestalde, politikariekin ere bilerak egiten ari dira langileak. Gaur goizean, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentearekin batzartuko dira. Bihar, berriz, Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu diputatuarekin eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearekin bilduko dira. Asteazkenean, bestalde, Alfonso Alonso EAEko PPko presidentearekin eta Ahal Dugu-ko Lander Martinezekin batzartuko dira. “Arantza Tapiarekin [Ekonomia Garapen sailburua] ere bildu nahi dugu, baina oraindik haren erantzunaren zain gaude”.