Osakidetza

Eusko Jaurlaritzak negoziazioak bukatutzat eman ditu Osakidetzan, dekretuz

Sindikatuek eta biek azkeneko hilabeteetan zortzi bilera egin dituzte. Jaurlaritzaren ustez, haien eskaerak "onartezinak" ziren, eta 2009ra arteko lan baldintzak zehazten dituen dekretua onartu du, Medikuen Sindikatuarekin hitzartutako hobekuntzak kontuan hartuta. ELAk gogor kritikatu du erabakia, eta sindikatuak bihar bilduko dira.

2007ko abenduaren 26a
18:33
Entzun
Dekretuz. Halaxe eman die Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako negoziazioei bukaera, gaur jakinarazi duenez. Sindikatuekin zortzi bilera egin ditu azken hilabeteetan, hauek hainbat mobilizazio egin dituzte adostasunik ez zegoelako, eta, bat-batean, 2007-2009 urteetarako Osakidetzako lan baldintzei buruzko dekretua onartu du Jaurlaritzak.

Medikuen Sindikatuarekin hitzartutako hobekuntzak kontuan hartu ditu -sindikatu hura ez zen ari parte hartzen protestetan-: besteak beste, lehen arretarako kupoa sendagileko 1.500 TISera jaistea, lehen arreta ematen duten medikuen plantilla 220 lagunetan handitzea eta guardia ordua hobeto ordaintzea.

Jose Andres Blasco Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak esan du "onartezinak" zirela sindikatuen eskaerak, eta hauek "urrunegi" joan zirela. "Adibide bat ematearren, Osakidetzak aurkezturiko eskaintzak 42 milioi euroko gehigarria suposatzen zuen bitartean, sindikatuen plataformek ehunka milioi euro gehiago eskatzen zuten", adierazi du gaur Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Sindikatuak bihar bilduko dira, egoera aztertzeko. Nere Urrestarazu ELAren arduradunak gogor kritikatu du gaurko erabakia. "Modu koldarrean hartu du Jaurlaritzak erabakia, jendea erdi-oporretan dagoenean, eta erantzun tinkoa saihestu asmoz", esan du Urrestarazuk Euskadi Irratian arratsaldean, Mezularia saioan. "Erabakia nola hartu duen ere kritikatzekoa da, dekretuz hartu duelako. Gatazka pil-pilean zegoenean, dekretua atera du. EAJ, EA eta EBren erabakia da".

ELAren arduradunaren ustez, arazoa azken batean ez da dirua, "Osakidetzak irabaziak dituelako. Azaroa politikoa da, sakonagoa. Akordio duina lortzeko aukera galdu da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.