Ontziolak

Eusko Jaurlaritzak "zirrikitu bat" ikusten du ontziolei buruzko txostena aldatzeko

Hilaren 17an publikatuko dute auziari buruzko behin betiko txostena, eta aurretik, hilaren 11n, bilera egingo dute Joaquin Almuniak eta Iñigo Urkulluk. Espainiako Industria ministroa eta Asturiasko eta Galiziako presidenteak ere izango dira bileran.

2013ko uztailaren 4a
16:06
Entzun

Europako Batzordeko Lehia komisario Joaquin Almuniak ontziolen laguntzen inguruan aurkeztutako behin-behineko txostena aldatzeko aukera ikusten du Eusko Jaurlaritzak, eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria helburu horrekin joango da datorren uztailaren 11n egingo duten bilerara. Bilera horretan izango dira, halaber, Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroa eta Galiziako eta Asturiasko presidenteak.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak auziari irtenbidea emateko "zirrikitu" bat ikusten dutela adierazi du Europa Pressek egindako elkarrizketa batean, eta "argudio juridikoak eta berriak" daudela Europako Batzordeak ontziolei emandako laguntzak itzultzeari buruzko erabakia alda dezan. Ildo horretan, Almuniak bezperan egindako adierazpenei eutsi die Tapiak. EBko komisarioak esan zuen "argumentu berriak badaude" bere txostena aldatzeko aukera dagoela, eta Tapiak "denbora" badagoela gaineratu du. "Uste dut zirrikitu bat ireki dela, eta azken muturreraino baliatuko dugu aukera hori". Uztailaren 17an kaleratuko du Europako Batzordeak behin betiko ebazpena. 

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak ere Almuniak esandakoei eutsi nahi izan die, eta azaldu du Industria Ministerioak dagoeneko helarazi dizkiola Lehia komisarioari hark aipatutako "argudio juridiko, sozial eta ekonomikoak". Ontziolen sektorea ez "zigortzeko" eskatu du, halaber, neurri hori ez delako "ez justua, ez eta ekonomikoki bideragarria ere". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.