EAJ eta PPk atzera bota dute PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean proposatukoa: EAEn erreforma fiskala planteatzen hastea. EAJ eta PPren arabera, zerga bilketarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta batzar nagusiek duten eskumena errespetatu egin behar da, eta ez du Eusko Legebiltzarrak aldaketa sustatzen hasi behar.
Fiskalitateari buruzko osoko bilkura monografikoa egin dute gaur, PSEk eskatuta. Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak adierazi du EAEn beharrezkoa dela erreforma fiskala egitea ongizateari eusteko. Horretarako, erakundeek zerga bidez diru sarrera gehiago behar dituztela esan du.
Besteak beste, elkarteen gaineko zerga sistema gainbegiratzeko eta langabetuen zerga tasa jaisteko eskatu ditu, bere alderdiaren izenean. Diru gehien duenak ordaindu behar du gehien zergatan, PSEren arabera, "herriarekin konpromiso handiena" duten enpresak sustatu egin beharko lirateke eta iruzur fiskalari aurre egin behar zaio. Halaber, fiskalitate berriarekin enplegua sustatzeko jardueratan inbertitu beharko litzatekeela esan du Pastorrek.
Azken batean, baliabideak hobeto erabiltzea da xedea, esan duenez. "Dirua egon badago erakunde publikoetatik interes orokorreko politikak egiteko, eta gure eginkizuna berreskuratzea da".
Zergak jasotzeko eskumena foru aldundiena dela aitortu du PSEk, baina defenditu du gaiaz Eusko Legebiltzarrean ere hitz egin daitekeela.
Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi du ezin dela gehiago murriztu eta, aurrera egiteko, zergak igo egin behar direla.
Oposiziokoen ikuspuntu desberdinak
Ricardo Gatzagaetxebarriak (EAJ) esan du bere alderdia prest dagoela fiskalitateaz mintzatzeko, baina horretarako proposamen zehatzak galdegin ditu eta zehaztu du hitz egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru aldundiek osatutako organoa dela. Dena dela, gaurko sistema fiskala aldatzearen aurka azaldu da, "funtzionatu duen sistema izan delako".
Dani Maeztuk (Aralar) PSEren jokabidea txarretsi du, "ezkerrekoa den itxura eman nahian baitabil orain". Fiskalitate berria eskatu du, "ekonomiari buelta emateko".
Juanjo Agirrezabalak (EA) ondasunaren zerga berreskuratzeko, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga "progresiboa" ezartzeko eta elkarteen gaineko zerga berria egiteko eskatu ditu.
Mikel Aranak (IU-Ezker Anitza) esan du EAJk eta PPk ez dutela aldundietako zerga sistema aldatzeko asmorik, eta Jaurlaritzari galdegin dio berrikuntzak sartzeko ahalegina egin dezala.
Anton Danborenearen (PP) ustez, gaurko eztabaida ez litzateke egin beharko, "Jaurlaritzak ez duelako zergak jasotzeko eskumenik".
Gorka Maneiroren (UPD) arabera, EAEko fiskalitatearen eskumena Espainiako Kongresuak izan beharko luke