Pertsonak ez ezik, merkantziak garraiatzeko modurik onena trena dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Euskal burdinbideetan zehar merkantziak garraiatzea «apusturik garrantzitsuenetarikoa» dela esan zuen Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburu Nuria Lopez de Gereñuk. Beste konpainietako sareekin bat eginda, merkantziak «Hendaiatik Ferroleraino (Galizia)» eraman ahal izango dituztela esan zuen. Era berean, trenbidea Bermeoko, Bilboko eta Pasaiako portuekin lotuko dutela jakinarazi zuen.
Duela bi urte eskuratu zuenEusko Trenbideak sozietateak merkantziak garraiatzeko eskumena. EuskoKargo izenarekin, Feve konpainiarekin elkarlanean aritu da. Avilesetik (Asturias, Espainia) Lesakara (Nafarroa), altzairuzko bobinak garraiatzeko trenbideak partekatu dituzte konpainia biek. Trenak, ordea, Feverenak erabili behar izan ditu EuskoKargok.
Trenbideak erabiltzeko elkarlanari eutsiko badiote ere, maiatzetik aurrera bere lokomotorrak izango ditu EuskoKargok. Atzo aurkeztu zuten Ingeteam enpresa bizkaitarrak diseinatutako makina, EuskoTrenen Lutxanako (Erandio, Bizkaia) tailerretan. Eusko Jaurlaritzak 37,5 milioi euroko inbertsioa egin du hamabi lokomotor erosteko. Horietako lehenengoa, atzo aurkeztutakoa, probatzen ari dira, eta hiru hilabete barru jarriko dute martxan. Gainerakoak, ekoitzi ahala emango dizkio Ingeteamek EuskoKargori. 2011. urterako guztiak jasoko ditu.
Lokomotorrak eskuratu aurretik, EuskoTrenek erabilera anitzeko 42 bagoi erosi zizkion Tafesa enpresari, 4,3 milioi euroren truke. Merkantziak garraiatzeko trenak, hartara, EuskoKargorena izango dira bi urte barru.
Milioi eta erdi tona
Garraio sailburuak zabaldutako aurreikuspenen arabera, Eusko Kargok gaur egun urtero garraiatzen dituen merkantziak biderkatu egingo ditu erositako makinei esker. 2011. urterako milioi eta erdi tona garraiatuko dituztela aurreikusi dute. Duela bi urte, Eusko Trenbideak merkantzien garraioan hasi zenean, 173.600 tona garraiatu zituzten. Iaz, 183.300 tona izan ziren, aurreko urtean baino %5,5 gehiago.
Gaur egun, Arcelor Mittal dute bezero nagusia, eta ia bakarra. Hala ere, egungo trenbideek tona gehiago garraiatzeko gaitasuna dutela esan zuen Eusko Trenbideak sozietateko kontseilari Julian Erasok. Erositako lokomotorrak, gainera, «etorkizuneko trenbideak erabili eta zama handiagoak garraiatzeko» aukera emango dutela azaldu zuen.
Ildo beretik jo zuen Lopez de Gereñuk trenbidearen erabilera areagotu behar dela esan zuenean: «Dagoeneko eginda dagoen azpiegiturari etekina atera behar diogu». Trenari buruz, bestetik, «garraiobiderik jasangarriena» dela azpimarratu zuen, «bidaiariak ez ezik, merkantziak ere garraiatzeko».
Aurreratuena
Ingeteamek sortutako TD 2000 BB lokomotorrak egungo sistemarik aurreratuenak dituela azaldu zuen Javier Madariaga enpresako presidenteak: irratia eta telefonia digitaleko komunikazioak GSM eta GPRS sareen bitartez, ATP eta ASFA ekipoak, GPS hargailua eta segurtasun bikoitzeko sistemak gidariak ezbeharrik izanez gero, besteak beste.
Elektrizitate sarerik ez denean, gainera, diesel motorrarekin mugitu ahal izango da, portuetarako loturetan, esaterako. Javier Madariagak esan zuenez, «mota honetako makinarik onena da gaur egun».
EuskoTrenek merkantziak garraiatuko ditu Hendaiatik Galiziaraino
Merkantzietarako hamabi lokomotor erosi ditu, eta maiatzetik aurrera jarriko dute martxan lehenengoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu