INE Espainiako Estatistika Erakundeak eta Eustatek datu kontrajarriak aurkeztu dituzte langabe kopuruaren inguruan. INEk atzo argitaratutako datuak ez datoz bat lehengo astean Eustatek emandakoekin, ezta uztail hasieran enplegu zerbitzu publikoek argitaratutakoekin ere. Eustatek esan zuen langabezia jaitsi egin dela urteko bigarren hiruhilekoan. INEren inkestek kontrakoa diote: langabeziak gora egin duela Hego Euskal Herrian: 190.500 langabe zeuden martxoan, eta 202.000 ekainean. Aipagarria da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetan Eustatekin duen aldea: INEk 28.100 langabe gehiago zenbatu ditu.
INEren arabera, 151.100 herritar daude lanik gabe EAEn, eta langabezia tasa %14,56 da; Eustatek lehengo astean argitaratutako datuen arabera, 123.000 langabe daude, eta %10,9 da langabezia tasa. Nafarroako datuen berri ere eman du INEk; 51.000 langabe daude lurraldean, eta %16,4 da langabezia tasa, martxoan baino %0,1 handiagoa.
INEk emandako datuei Iparraldekoak batuta, Euskal Herri osoko langabeziari buruzko datuak atera ditu Gaindegiak. 215.929 lagun ari dira lan bila, iaz baino %2,9 gehiago eta %0,7martxoarekin alderatuta; lanik ezaren tasa%14,6koa da. Kalkulua Eustaten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuekin eginda, %12,7koa da tasa; 187.829 langabe daude Euskal Herrian, iaz baino %1,5 gehiago, baina martxoan baino %0,1 gutxiago.
Lurraldeka langabeen kopuruak izan duen bilakaerari erreparatuz gero, nabariagoak dira bi estatistika erakundeen arteko datu kontrajarriak. Eustaten inkestaren arabera, martxotik ekainera, langabezia Araban bakarrik igo da: %3,1; behera egin du Bizkaian (%0,9) eta Gipuzkoan (%0,8). INEren datuek, berriz, kontrako joera erakusten du. Araban bakarrik gutxitu dira langabeak (%0,2); lan bila dabiltzanak igo egin dira Bizkaian (%1) eta Gipuzkoan (%1,6).
Gipuzkoan eta Araban, aldeak
Gipuzkoako datuetan dago alde nabarmenena. Lehenak dio 28.100 langabe daudela Gipuzkoan, eta langabezia tasa %12,5ekoa da; bigarrenak dio 41.800 herritar daudela lanik gabe eta langabezia tasa %8,6koa dela.
Araban ere bi estatistika erakundeek emandako datuen arteko aldea nabaria da; Eustatek baino 8.000 langabe gehiago zenbatu ditu INEk: 23.400. Eustatek dio %9,9koa dela langabezia tasa, besteak %14,8koa.
Bizkaian, langabe gehien duen lurraldean, txikiagoa da aldea; INEren arabera, 85.900 herritar ari dira lan bila, eta %15,8 da langabezia tasa. Eustaten arabera, 79.500 daude, eta langabezia tasa ere txikiagoa da: %14,3.
Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dagoenez, Gaindegiak behin-behineko kalkulu bat egin du, INSEE erakundearen datuekin. Kalkulu horien arabera,13.829 langabe daude. 2009tik langabezia tasak 3,6 puntu egin du gora, eta %10,4 da orain.
Espainian, %24,6ko tasa
Hego Euskal Herriko datuak kezkagarriak dira, baina are larriagoa da Espainiako egoera. Inoizko langabezia tasa handiena du: %24,6koa, Europako herrialde guztiena baino handiagoa.
Eustatek baino 28.100 langabe gehiago zenbatu ditu INEk EAEn
Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, Hego Euskal Herrian 202.000 langabe daude, martxoan baino %1 gehiagoINEren datuei Iparraldekoak gehituta, 215.929 langabe zenbatu ditu Gaindegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu