EKONOMIA

Eustaten arabera, langabezia tasa 0,9 puntu hazi da urteko lehen hiruhilekoan

8.700 lagun gehiago dabiltza lan bila Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; guztira, 125.600 dira. Bizkaiak du langabezia tasa altuena, 5.100 langabe gehiagorekin. Gazte aktiboen kolektiboa da kaltetuena: %26,5 lanik gabe daude.  

2012ko apirilaren 19a
18:59
Entzun

Gaur jakinarazi ditu Euskal Estatistika Erakundeak lan merkatuari dagozkion urteko lehen hiruhileko datuak. Eustaten arabera, langabezia tasa %11,2tik %12,1era hazi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; alegia, 2011ko laugarren hiruhilekoaren aldean 0,9 puntu igo da.

Horrela, langabeak —lan bila dabiltzanak, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin dutenak eta gainera lanerako prest daudenak—, urteko lehen hiruhilekoan 125.600 direla zenbatetsi du Eustatek; aurreko hiruhilekoan baino 8.700 lagun gehiago.

Gizonen langabeziari dagokionez, %12,6era igo da —ehuneko 0,5 puntu gehiago—. Emakumeena, berriz, 1,4 puntu hazi da, eta %11,5ean dago. Gizonezko langabeen kolektiboak 71.200 lagun batzen ditu, 2.200 gehiago. Emakumezkoen artean, 6.600 gehiago daude lehen hiruhilekoan; orain 54.500 dira guztira. 

Gazteen kolektiboak kaltetuta jarraitzen du, langabezia tasa altuenarekin: %26,5; horrenbestez, 16-24 urte bitarteko 13.200 gazte aktibo daude langabezian.

Langabe hazkunderik handiena Bizkaian gertatu da, 5.100 langabe gehiagorekin; langabezia tasa %15,2an dago. Gipuzkoan %9,4ko tasa dute; 4.400 langabe gehiago: 31.200 guztira. Araban 800 pertsona gutxiago dira langabeak aurreko hiruhilekoaren aldean; langabezia tasa baxuena du: %6,8.

Okupazio galera zerbitzuetan eta eraikuntzan metatzen da bereziki. Zerbitzuetan okupatuak 12.900 pertsona gutxiago dira; 4.100 eraikuntzan eta 300 nekazaritzan. Industrian, 900 gehiago.

Familiako pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 39.500 dira, %4,6. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.