Exekutiboen kalte-ordainak eta soldatak mugatu nahi ditu Europak

Arrisku handiko funtsen zaintza gogortzeko proposatu die Europako Batzordeak gobernuei

Erredakzioa
2009ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak arautu egin nahi ditu finantza krisiak jopuntuan jarri dituen bi elementu: finantza erakundeetako goi kargudunak eta arrisku handiko funtsak (hedge fund deituak). Horiei buruzko gomendioak egin dizkie EB Europako Batasuneko gobernuei. Proposamenak ez du ezertara behartzen, eta EBren eta Europako Parlamentuaren babesa behar du indarrean jartzeko.

Zenbait finantza erakundetako arduradunek milioika euro jaso dituzte kargua uztean edo kargutik kentzean. Baita erabaki okerrak hartu edo galerak eragin badituzte ere. Europako Batzordearen proposamenaren arabera, goi kargudun horiek, kudeaketa txarra eginez gero, ez lukete kalte-ordainik jasoko; bestela, bi urteko soldata.

Goi kargudunen soldatek bi zati izan ohi dituzte: bata finkoa, eta bestea aldakorra, helburuen edo emaitzen araberakoa. Europako Batzordeak nahi du zati aldakorra kobratu ahal izateko exekutiboek helburuak luzera lortu behar izatea. Hiru urteko epea aipatu du.

Arrisku handiko funts espekulatzaileei dagokienez, kudeatzaileek dagokien herrialdeko agintarien baimena jaso beharko lukete lanean aritzeko, betiere funtsa ehun milioi eurotik gorakoa bada. Europako Batzordearen arabera, kudeatzaileen %30 eta aktiboen %90 babestuko lirateke horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.