Iragarrita zegoen bezala, ez da onartu Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berriaren aurkako zentsura mozioa. Alderdiek joan den astelehenean eztabaidatu zuten proposamenari buruz, baina bozketa gaur eguerdian egin dute. Sostengu zabala lortu du EBko presidenteak. Proposamenaren aurkako 461 boto egon dira, eta 101 alde. 88 parlamentari abstenitu dira.
EFDD taldeak aurkeztu zuen zentsura mozioa. Talde horretako kide dira Erresuma Batuko UKIP eta Italiako Movimento 5 stelle alderdiak. Taldeetan ez dauden hainbat alderdik babesa azaldu zioten, horien artean Frantziako Fronte Nazionalak. Bozketaren aurretik GUE/NGL ezkerreko taldeko legebiltzarkide ugarik afixak erakutsi dituzte, austeritatearen eta "eskuin muturreko hipokresiaren" kontrako leloekin. UKIPeko legebiltzarkide batek afixak erretiratzea exijitu dio Martin Schulz ganberako presidenteari, araudiak debekatzen duela argudiatuta. Schulzek ez du onartu, eta gogoratu dio UKIPeko ordezkariek aulkian paratuta duten Erresuma Batuko bandera ere ez dagoela araudian onartuta, baina jartzea uzten zaiela.
Luxleaks eskandaluari jarraituz Junckerren lehenedakaritzari buruzko kritikak eta zalantzak biderkatu dira. Haatik, zentsura mozioaren tramiteak agerian utzi du Junckerrek Europako Parlamentuko alderdi nagusien babesa eta konfiantza baduela oraindik. Popularrek, sozialdemokratek eta liberalek EBko presidentearen alde egin dute. Berdeek eta ezkerreko taldeak kritikatu dute Luxenburgon gertatu dena. Ezkerreko taldea auziari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea eskatuko du.