Ekonomia

Ez dadin katea eten

Giza kate jendetsua osatu dute Zumarragatik Urretxura Arcelor Mittalen itxieraren kontra. Dendariak beldur dira zer eragin izan dezakeen etenaldiak saltoki txikietan. Bideoa: Zumarraga eta Urretxu lotu dituen giza katea (Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/ZO-AqOW8Lxs[/youtube]

Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 21a
07:42
Entzun

Ehunka eta ehunka herritarren ongizatearen hauspoa, Urola Garaia eskualdeko birikak izan dira luzaroan Arcelor Mittaleko labeak. Behargin askok Zumarragako lantegian urteetan eginiko esfortzuari zor diote beren bizi proiektua, baina azkenaldian ahultzen hasi zaie osasuntsua zirudien arnasaldia. 342 lagun daude jopuntuan. Finean, ordea, kate bat da, langile, familia eta dendariak estutzen dituena. Kate hori eten ez dadin, giza kate jendetsua egin zuten atzo itxieraren aurka, fabrikaren ataritik Urretxuraino. Krisiak gogor jo zuen merkatari txikien sektorea, eta estualdi horretatik burua ateratzen ari direnean jaso dute erabakiaren berri. Baina saltoki txikiena soilik ez. Familia askoren geroa ere jokoan dago.

Enpleguari eutsita ere, lantegia betiko ixteak familia osoak zatitzera edo lekualdatzera derrigortuko lituzke: seme-alabak ikastetxez aldatzera, lanen bati uko egitera... Horren lekuko ere izan zen atzoko mobilizazioa: familia osoak irten ziren karrikara, adinak ez baitu axola Zumarragako Arcelorren aldeko borroka sutsuan. Hori ere garbi geratu zen. Gurasoen sorbalda gainera igotako umeek, eskolatik edota lanetik irtendako gaztetxoek eta erretiratuek giza kate askotarikoa osatu zuten.

Arcelorreko langileek 24 orduko greba deialdia bertan behera laga bazuten ere, herritarrek entzungor egin zieten. Hizki guztiekin. Baina ez haiei bizkar emateko. Kontrakoa: haiei elkartasuna agertzeko baizik. «Hirurehun ez, Urola Garai osoa gara», oihukatuz ekin zioten giza kateari, eta ez zitzaien arrazoirik falta, berriro herritarren erabateko sostengua eskuratu baitzuten langileek. Nabaria zen giroan: zenbait saltoki eta ikastetxek ateak itxi zituzten goiz guztian, giza katera gehitzeko. Merezi zuen. Igandea zirudien, baina ez buruzuria.

Kalean gora eta behera begiratzea aski zen ikusteko hura ez zela apirileko ohiko egun euritsu bat. Kontrasteak gailendu ziren atzo: alde batean, lasaitasuna, isiltasuna eta mugimendurik eza ziren nagusi; bestean, berriz, oihua, kexua eta jendetza. Areago aspalditik Arcelor Mittalekin lan egiten duten dozenaka garraiolari sirena eta klaxon hotsen artean giza katearen paretik igaro zirenean. Herritarrek txaloka eta ukabilak altxatuta erantzun zieten bide ertzetik, emozio bete-betean asko.

Giza kateak zirimiriaren azpian egin zuen Zumarraga eta Urretxu arteko bide gehientsuena, baina lanbroa ez zen ezeren traba izan. Aitzakiek ez zuten balio atzo. Eskuz esku, martxak gainezka egin zuen ibilbideko tarte batzuetan, eta bidea kolapsatu ere egin zuen. Erakundeei gehiago busti daitezen galdegiteko aprobetxatu zituzten atsedentxo horiek, enpleguen aldeko itsasgarriz betetako aterki eta txamarren pean. Eztarriari, ordea, atsedenik ere ez zioten eman. Urretxuko kale nagusiko arkupeak gaztetxoen aterpe bihurtu ziren istant ugaritan, ahotsak urratzeko gotorleku. Batez ere, Arcelor Mittaleko buruen eta Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkari Carlos Urkijoren kontrako garrasi ozenak entzun ziren gazteen ahotan.

«Hau ez da lehen zena»

Beharginen aldarrikapenekin bat egin arren, saltokiko ateak parez pare ireki zituen bakarretako bat izan zen Ainhoa Mendizabal. Zumarragako Ogi Berri okindegiko arduraduna «beldur» da Arcelor Mittalen etenaldiak eskualde guztiko saltoki txikietan egin dezakeen kalteaz, nahiz eta aparteko kolperik ez espero. Lehendik ere era guztietako oztopoak gainditutakoak dira. «Zerbait antzemango da, noski, baina hondoa jo duen zerbaitek ezin du beherago egin. Hau ez da berria; lehenagotik dator. Saltoki txikiak aspalditik gaude kinka larrian; hau ez da lehen zena». Dudarik ez du «gauzak bere lekuan ezarri arte» salmentetan nabarituko dutela, baina zail ikusten du okerrera egitea.

«Okerrera egitea ia ezinezkoa dela?». Halakorik ez luke sekula esango Maria Jesus Elgarrestak: «Argi dago jende gutxi dabilela hemen eta toki guztietan, baina okerrago egon gaitezke, eta baita hobeto ere». Zumarragako egunkari saltzaile hori ziur da lantegiaren jarduera eteteak kalte besterik ez diela egingo inguruko dendariei. Badute eskarmentua jada. «Krisi ekonomikoari, hedabideenari eta orain altzairuarenari aurre egitea ere egokituko zaigu saltokiei. Ohitura aldaketek gogor jo gaituzte», dio Elgarrestak.

«Garai ezegonkorrean» daude Urki liburu dendan ere, eta susmoa dute «denborarekin» larriagotzera joko duela. «Oraindik, ez; apenas antzeman dugun lantegiak ekoizpena eten izana», esplikatu du jabeak. Hemendik aurrera, ordea, aldapaz beteriko bide malkartsua datorkiela ohartarazi du: «Hainbeste langile lekualdatzen badituzte, argi dago: modu batera edo bestera eragingo digu, zuzenean edo zeharka».

Erabateko ziurgabetasuna

Iritzi berekoa da Mendizabal. Gogoratu du saltokiak direla udalerrien erosteko ahalmenaren gainbeheraren ispilu, «ekoizpenaren kate mailarik ahulena», herritarren arazoak gertuen nozitzen dituztenak. «Krisialdia hasi zenetik, bospasei urte dira negozioen galera jasak ez duela etenik. Edozer pasatzen dela, eragin zitalenak saltokiok jasaten ditugu betidanik». Eta oraingoak ere ez du salbuespena izateko zantzurik.

Eragin bai, baina nola? Hori da egunotan Urola Garaiko saltzaileen buruan bueltaka dabilen galdera; erantzunik gabea gehienetan. Ziurgabetasuna erabatekoa dela kontatu du If lurrin dendako arduradun Mireia Rodriguezek, ez baitakite zehazki zein neurritan jasango dituzten balizko itxieraren ondorioak. «Egia esateko, ideiarik ere ez daukagu; esperoan gaude. Legazpiko lantegia itxi zutenean ere asko nabarituko zela esaten zuten, baina krisialdia agertzeak den-dena estali zuen. Erabat diferentea dirudi orain».

Ezinegona ezkutatu gabe mintzatu da Isabel Martinez dendaria: «Asko, asko, asko eragingo digu. Ez dut zalantzarik. Negar egiteko gogoa ere sartzen zait». Martinez duela gutxi jabetu zen —manifestariak haren denda paretik pasatu zirenean— Arcelor Mittaleko langile asko eta asko dituela bezero. Haren kezka areagotu du horrek. «Begirunea zor diegu bezeroei, baina, kobratzen ez badute, ezingo dira erostera etorri. Bizitza berri bat dute aurrean». Horrelakoetan, hori bai, dendari txikiak dira kalteberenak, Martinezen hitzetan: «Berrasmatzea eta erronkari ekitea beste biderik ez daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.