Caja Castilla La Mancha (CCM) izan da krisiaren ondorioz Espainian erori den lehen finantza erakundea. Eraikuntzan oinarritutako hazkundea eta inbertsioak zama astunegia izan dira bakarrik aurrera egiteko. CCMk ez zeukan Espainiako Bankuak eskatutako gutxieneko bermea mailegu gehiago eman ahal izateko, hau da, hartutako arriskuen %8. Ondorioz, Espainiako Gobernuak esku hartzea erabaki du: 9.000 milioi euro arteko bermea emateko aukera onartu du, orain arteko arduradunak kargutik kendu ditu eta kutxa Espainiako Bankuaren eta bertako funtzionarioen esku utzi du.
Hala ere, Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak atzo nabarmendu zuen CCMren kasua salbuespena dela: «Ez dago beste erakunderik CCMren egoeran, baina horrek ez du esan nahi sistema erabat babestuta dagoenik».
Ekonomia ministroak «kudeaketa desegokia» egitea leporatu die kutxako arduradunei. Solbesen arabera, inbertsio gehienak eraikuntzan egin dituzte eta, gainera, ez dute beharrezko zuhurtziaz jokatu inbertsio horietan.
CCMk, esaterako, dirua utzi zion ordainketak eten dituen Martinsa Fadesa eraikuntza enpresari (90 milioi euro galtzeko arriskua du); %10eko parte-hartzea du ordainketak eten dituen DHO eraikuntza taldean; eta %25eko parte-hartzea du Ciudad Realgo aireportuan, milioi askoko inbertsioa eskatu ostean aireratze motela izan duen proiektuan.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak apaldu eginnahi izan zuen esku-hartzearen garrantzia, CCMren aktiboak Espainiako bankuek eta aurrezki kutxek dituztenen %0,8 direla esanez.
Aurrezki kutxak likidezia arazo larriak ditu, eta bere finantza egoeraren ondorioz zailtasunak izan ditu beste finantza erakunde batzuen eskutik dirua lortzeko. Andaluziako Unicaja aurrezki kutxarekin bat egitea zen CCMren azken aukera Espainiako Bankuaren esku ez geratzeko. Baina CCMren egoera ikusita, Unicajak atzera egin zuen ostiralean.
Espainiako Gobernuaren esku-hartzeak, baina, ez zuen izurik eragin CCMko bezeroengan. Atzo ez zuten ilararik egin bulegoen aurrean beren aurrezkiak ateratzeko. Aurreko hilabeteetan, ordea, diru asko atera dute bertatik, CCMren arazoei buruzko albisteak eta zurrumurruak duela zenbait hilabete kaleratu baitziren. Abendutik urtarrilera bezeroek 311 milioi euro atera zituzten bertatik.
Gordailuak, bermatuta
Espainiako Gobernuak nabarmendu du bermatuta daudela bezeroen gordailuak, kutxako hiru mila lanpostuak eta hartzekodunen interesak. Berez, Espainiako banku edo aurrezki kutxa batek porrot eginez gero, gordailuak bermatzeko sistemak ehun mila euro bermatzen ditu bezeroko eta entitateko.
CCMk 29,86 milioi euro irabazi zituen iaz, 2007an baino %87 gutxiago (231,8 milioi euro irabazi zituen orduan). 18.689 milioi euro eman zituen maileguetan, 2007an baino %7,7 gehiago. Gordailuetan, berriz, 17.022 milioi euro zituen urte amaieran.
CCM Espainiako aurrezki kutxa berriena da. 1992an sortu zen, Albaceteko, Cuencako eta Ciudad Realgo, eta Toledoko aurrezki kutxek bat egin ostean. 600 bulego ditu Espainian eta Herrialde Katalanetan.
Espainiako Gobernuaren esku-hartzeak eragin nabarmena izan zuen burtsan. Ibex-35 indizeak %4,12ko jaitsiera izan zuen. Bankuek izan zituzten galera handienak: BBVAk %7,74 eta Santanderrek %7,68.
Europako Batzordeak informazioa eskatu dio Espainiako Gobernuari CCMri emandako laguntzaz. Europako Batzordeak herrialdeek finantza sektoreari edo finantza erakunde zehatzei emandako laguntzak aztertzen ditu, lehia distortsionatzen duten edo ez ikusteko.
Ez dago beste finantza erakunderik CCMren egoeran, Solbesen arabera
Espainiako Bankuak esku hartu du Caja Castilla La Manchan, likidezia faltaren arazoak konpontzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu