Lan eta gizarte eskubideei inoiz ez bezala erasotzen zaiela salatu dute ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuetako eta 30 gizarte eragiletako ordezkariek gaur, Bilbon, eta martxoaren 29rako deitutako greba orokorrraren beharra aldarrikatu dute. "Ez gara izango murrizketen laguntzaile. Ez dugu bake sozialik emango. Ez gara ari bakerik ematen".
"Gobernuek patronalarekin eta botere ekonomikoekin elkar hartuta jokatzen dute. Euren politikak eragindako krisiaz baliatzen ari dira era guztietako murrizketak egiteko. Guztien gainetik, helburu bakarra dute: lehentasuna enpresen etekinei ematea eta gutxiengo bat aberastea, herritar gehienak txirotzearen truke. Horretarako, hainbat bidetatik jo dute: soldatak jaitsi, enplegua prekarizatu, langabezia hedatu, eta gizarte prestazio, pentsio eta gastu publikoa murriztu (osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan)", esan dute sindikatuek eta gizarte eragileek.
Espainiako lan erreformarekin langileen "kaleratzea erraztu eta merkatu" egingo delakoan eta "negoziazio eskubidea ahuldu" egingo delakoan daude. "Aurrerantzean errazagoak izango dira mugikortasun funtzionala, geografikoa eta lan baldintzen funtsezko aldaketak. Kontratuak are prekarioagoak izango dira", esan dute.
Erakunde publikoen gizarte arloko murrizketak ere txarretsi dituzte. "Aurrekontuak moztu egin dituzte, eta arlo publikoa 2005eko mailaraino jaitsi dute". "[Diputazioen] Zerga politika ere salatu dugu. Onurak ematen dizkiete gehien dutenei, eta ez dago borondaterik iruzur fiskalari jazartzeko. Zerga politika hau injustua, atzerakoia eta gizartearen parte hartzerik gabe erabakia da".
"Garatzen ari diren politikak bidegabeak eta antidemokratikoak" direla ere esan dute. "Ez gaituzte krisitik aterako. Aitzitik, krisia larriagotu egingo dute: langabezia, pobrezia eta gizarte bazterketa hedatzen ari dira politika horien ondorioz. Erabateko norabide aldaketa egin behar da".
Ondorioz, lan erreforma erretiratzeko eskatu dute, langileen erosteko ahalmena hobetzeko, enplegua sortzeko politikak bultzatzeko —lanaldia murriztuz, gizarte gastua gehituz, eskubide sozialak aintzat hartuz eta zerbitzu publikoak hobetuz—, lan harremanetarako euskal esparrua sortzeko eta zerga politika bidezko eta progresiboa ezartzeko.