Greba orokorra. Endika Alabort. CNTko bozeramailea

«Ez dugu tresna askorik, eta horregatik erabili dugu greba orokorra hainbestetan»

Krisia hasi zenetik deitutako greba guztiekin bat egin du CNTk. Baina oraingoa ezberdina da, Alaborten arabera. Neurri baten aurkako greba izan beharrean, proposamenak mahai gainean jarriko baitira.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Greba orokorraren deialdiak berarekin ekarri du Euskal Herriko gutun soziala sortzeko prozesua. Endika Alabort CNTko bozeramailearen ustez, alternatiba eraikitzeko beste urrats bat da.

Krisia hasi zenetik, zortzigarren greba egingo du CNT sindikatuak. Oraindik horretarako arrazoirik badago?

Arrazoi asko daude. Krisia hasi zenetik argi geratu da zein den patronalaren jarrera. Klase borroka batean gaude, eta greba orokorra gure borrokarako tresnetako bat da. Ez dauzkagu asko, eta horrek adierazten du zergatik erabili dugun hainbestetan. Bost urtean zortzi greba asko dira, baina denak beharrezkoak. Agian, grebaren kontzeptua zein den planteatu beharko dugu. Beharrezkoak dira, eta behartuta gaude egitera, baina zer lortzeko? Buelta bat eman behar zaio. Alternatibaz hitz egiten dugu, eta , alde horretatik, gutun soziala hor dago. Prozesu zabala da, eta fruitu mamitsuak izan ditzake.

Zehazki, orain arteko greba orokorrak neurri baten aurkakoak izan dira. Biharkoa Euskal Herriko gutun soziala lantzeko proposamenarekin batera deitu duzue. Jarrera aldaketa egon daiteke?

Bai, proposamenak egitea. Orain arteko Murrizketarik ez leloa indartsua izan da jendea batzeko garaian, baina, funtsean, eraso gehiago ez egiteko eskatzen zen. Gutuna beste urrats bat da. Pentsatu behar da eragile askoren arteko minimo bat dela, eta oinarri horien gainean alternatiba eraikiko da. Punkak zioen Ez dago etorkizunik lelotik etorkizuna gure esku dagoela esatera igaro behar dugu. Baina, horretarako, sinetsi beharra daukagu, eta prozesuak horretarako balio dezake.

Eragile askok parte hartuko dute prozesu horretan. Zein oinarriren gainean eraikiko duzue gutuna?

Nik uste dut oinarrizko puntuetan ados gaudela. Ez da lan mundura mugatzen, beraz, ikusi beharko da. Besteak beste, lanaldia, amatasun eskubidea, kalitatezko lana, bizi-kalitatea izateko eskubidea eta beste hainbat puntu bilduko ditu. Feminismoak proposatzen dituen erronka eta kritikak gure egitea da asmoa. Ildo horretan gutxienekoak egongo dira denen artean.

Kontrabotererako tresna izango al da gutun soziala?

Bai, ikusi beharko da zein ildo hartzen duen, bizirik dagoen prozesua baita. Bere eraginak, ordea, bi edo hiru urtean ikusi beharko dira. Krisiaren hasieran ekonomialarien esanetan bi urte iraungo zuen egoera bat zen, baina luzatzen ari da. Eta bide horretan jarraituko dute, denon artean gelditzen ez baditugu. Gutun sozialaren prozesua, beraz, luzera ikusi behar da. Kontraboterea beharrezkoa da, baina denboran iraungo duen kontraboterea sortzeko denbora behar da.

Denbora gehiegi itxaron da prozesu hau martxan jartzeko?

Bai, baina hori orain arte eduki dugun indar korrelazioaren ondorio da. Basoa erdi beteta edo erdi hutsik ikustearen kontua da. Berandu dela? Agian, bai, baina hobe orain egitea, sekula ez egitea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.