Ezbainiarra

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zor espainiarrak ezbai edo zalantza asko pizten du; ezbainiarra da. Alemaniakoarekin alderatuta errentagarritasun gehigarria ordaindu behar du; gainsaria. Eta zalantza giro horrek urduritasuna sortzen du burtsan ere. Atzo, arratsaldeko lau eta erdiak arte eguna lasai zihoan, baina, saio amaiera aldera, ezbainiarren gainsaria berpiztu eta seko itzali ziren ordura arteko irabaziak. 1.939 milioiren salerosketarekin, Repsol-YPF (+%1,12) eta Edurnezurik (+%0,73) eutsi zioten berde beltzari. Zezen larruan gorrira jo zuten %1na galdu zuten Telecincok, Arcelorrek, Abengoak, Sabadellek, Sacyrrek eta Abertisek; bi bankurik handienek ere %0,4na inguruko galerak izan zituzten. Europako giro ezkorrak Wall Street ere kutsatu zuen atzo, eta euroa ere 1,22 dolarrez azpitik salerosi zen. Lehen seihilekoaren amaieran ikusiko da euroa ahultzeak mozkinei zenbaterainoko mesedea egin dien. Eta horrek biziberrituko ditu, akaso, Europako akzio azokak.



ACS. ACSren (+%0,31) eta Iberdrolaren (+%0,56) gatazkan kontabilitatearen arma sartu dute. Batek iaz 988 milioiren irabaziak plazaratu zituen, eta, bestearen ustez, 405 milioiren galerak izan zituen. Nola liteke? Ezberdintasuna, gaur egun, bilanean edo balantzean dituen zenbait aktiboren balioan datza. Negozio jakin batean balioa kontabilitatean jasotzea ez da beti erraza izan: batzuetan akzio azokako preziorik ez dagoelako eta, dagoenean, ez delako beti hori erabiltzen den irizpidea. Eta epaileek nekez argituko dute hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.