Goia jo du hazkundearen makinak. Azken bi urteotako baikortasuna desagertu da, eta erritmoa gelditu da. NDF Nazioarteko Diru Funtsak argi du: aldeko haizeak utzi dio jarduna bultzatzeari, eta ezegonkortasuna hedatzen ari da, nagusiki esparru politikoan. Aldi berean, shock negatibo gehiagoren arriskua handitu da. Lehman Brothersen erorketaren hamargarren urtemugan, ez dago giroa ospakizun handietarako.
Funtsak World Economic Outlook txostenaren urriko edizioa argitaratu du gaur, Balin (Indonesia) egiten ari den urteko batzarra baliatuta. Apirilean egindako aurreikuspenekin alderatuta, hazkunde globalari bi hamarren kendu dizkio. Aurten eta datorren urtean munduko ekonomia %3,7 handituko dela espero du. 2012tik 2016ra egondako hazkundea baino nabarmen handiagoa da, baina gorakada indartsu hori apaldu da orain.
Ekonomia aurreratuek hamarren bat galduko dute. AEBek eutsiko diote tasa indartsu bati aurten, Trumpen administrazioak onartutako zerga murrizketari jarraituz, baina horren efektuak lausotuko dira datorren urtetik aurrera, eta goraldia hoztuko da. Murrizketa handiagoa da eurogunearen kasuan, eta, bereziki, blokeko ekonomia nagusien artean. Europan ez dira bete iragarritako helburuak lehen urte erdian. Hori dela eta, NDFk sei hamarren kendu dizkio aurtengo Alemaniako aurreikuspenari, bost Frantziakoari, hiru Italiakoari, eta bat Espainiakoari. Euroguneko hazkundea %2 izango da aurten, eta %1,9 heldu den urtean.
Zuzenketa handiagoa da goraldian eta garatzeko bidean diren herrialdeen kasuan. Aurten bi hamarren eta heldu den urterako lau jaitsi zaizkie, multzo gisa hartuta. Aurreikuspenen murrizketa geografikoki oso sakabanatuta dago. Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako ekonomia handiei eragingo die (Argentina, Brasil eta Mexiko), Turkiari, Indonesiari, Irani eta Hego Afrikari. Txinako hazkunde kalkuluari ere bi hamarren jaitsi zaizkio heldu den urterako, baina estatuaren esku hartzea espero da jaitsiera handiago bat eragozteko.
Oraingoz, NDFk ez du uste inbertitzaileen ihesa dagoenik goraldian dauden ekonomietatik, eta ez du espero herrialde jakin batzuetan gertatu diren arazoak —Argentinan eta Turkian, batez ere— besterik gabe hedatuko direla oinarri sendoagoak dituzten beste merkatu batzuetara. Arriskua hor dago, hala ere. Gaur egun, munduko BPGaren %40 inguru gorabidean edo garatzeko bidean diren herrialdeek sortzen dute, eta horietan gainbehera sakon bat gertatuko balitz, “mehatxu handia” litzateke ekonomia aurreratuentzat.
Politika, konpondu gabe
Ezegonkortasun politikoak hozka egin dio hazkundeari. “Merkataritzak politika islatzen du, eta politika konpondu gabe dago oraindik ere herrialde askotan, arrisku gehiago sortuta”, Maurice Obstfeld NDFko ekonomista buruaren hitzetan. Hazkundea zamatzen hasiak dira AEBek Txinaren aurka hartu dituzten neurri protekzionistak eta Pekinen erantzuna. NAFTA ordezkatzeko akordioak parlamentuen oniritzia behar du oraindik, eta brexit ordenatu baterako ituna lortu gabe segitzen dute Europako Batasunak eta Erresuma Batuak.
Oro har, higatuz da azken hamarkadetan nazioarteko ekonomiari forma eman dioten erakunde eta akordio aldeaniztunen sostengua. Unean uneko arazoez gain, luzera begira erronka handi batzuk azaleratu dira ekonomian. “Agian, erronkarik handiena da ekonomia aurreratu batzuetan langileen diru sarreren hazkunde eskasa, itxurazko mugikortasun sozial txikiagoa, eta leku batzuetan egiturazko aldaketei eman zaien erantzun politiko desegokia”, laburbildu du Obstfeldek.
Beste era batera esanda, nazioarteko egitura ekonomiko horrekiko mesfidantza handitzen ari da, langileen mesederako ezer egiten ez duten susmoa ere bai. Horrek esparru politikoan —AEBetatik Erresuma Batura, eta Filipinetatik Brasilera— sortu duen erreakzioarekin kezkatuta dago funtsa. "Politika barneratzaile gehiagorik gabe, aldeaniztasunarenak egin du. Eta aldeaniztasunik gabe, leku txiroagoa eta arriskutsuagoa izango da mundua”. Hamar urte geroago, krisi ekonomikoaren azken mutazioa politikoa da.