Ezer ez egitearen kostua

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Trantsizio ekologikorako dirutza beharko da, ez dago zalantzarik. Baina ezer ez egitearen kostuak ere oso gogoan izan behar dira. NBEren kalkuluetan, klima aldaketari lotutako hondamendiek urtero 466.000 milioi euroren kalteak eragiten dituzte, eta larrialdi egoeran kopuru horiek ez dira apalduko denborak aurrera egin ahala. NBEren arabera, astero klima hondamendi bat gertatzen da munduan, dela zikloi bat, dela lehorte gogor bat. Hondamendi handienek oihartzun globala izaten dute; txikiagoek, ez hainbeste, baina hor daude, heriotzak, lekualdatzeak eta sufrimenduak eraginez.

Gurutze Gorriak irailean plazaratutako txostenak azaltzen duenez, klima larrialdiaren ondorioengatik gaur egun astero bi milioi pertsonak behar dute laguntza humanitarioa, eta, ezer egiten ez bada, hiru hamarkadatan bikoiztu egingo da berotze globalaren erruz laguntza beharko duten pertsonen kopurua; urtean 108 milioi lagun dira gaur egun, baina 200 milioira iritsi daitezke.

Horrek esan nahi du laguntzarako beharrezko diru ekarpenak bikoiztu baino gehiago egin beharko liratekeela.

Itun Berdean, Europako Batzordeak ere aztertu du ezer ez egitearen kostua. Adibidez, Europan atmosfera kutsatuek dagoeneko urtean 400.000 heriotza goiztiar eragiten dituzte, eta kopuru hori ziztu bizian igoko litzateke. Berdin gertatuko litzateke beroaldiekin eta lehorteekin; beroaldiek urtean 90.000heriotza eragiten dituzte orain. Burselaren arabera, bost graduko berotze globalak urtean 660.000 asilo eskaera gehiago eragingo lituzke.

Ekintzarik gabe, ondorio ekonomikoak ere hor egongo dira. Hiru graduko beroketa globalak 190.000 milioi euroren galerak ekarriko lituzke EBn, eta 2050erako elikagaien batez besteko prezioak %20 garestitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.