Onkomun egiteko belar txarra eta ona nahastu behar da eta, itxura batean, txarretik baino ez dute txerritxo ehiztariek topatzen. Hortaz, zimaurra eta gorotza nahastetik ezin urre gorririk atera. Alemaniak gerrikoa estutu duenerako egoerak ezin du ona izan; edo, gutxienez, bertako esportazioak hobetzeari baina jaramon gehiago egin zioten Merkelen mugimenduari. Erresuma Batuak ere, jakina, bere zimaur kuota aitortu eta garbitu beharko du. Finean, 2.074 milioiren salerosketa eta %1,44ko galerak bateratu zituen Ibex-35ek: 8.800 puntuz azpitik da jada eta Mapfre (+%1,139 eta FCC (+%0,08) izan ziren gorotz arteko lore biak. Grifolsek (-%8,5) danbateko latza jaso zuen: AEBetako Talecris Biotherapeuticsen erosketa erabaki du (berak balio duen halako bi ordainduko du) baina, garaiotan, ketchup gutxitxo izan daiteke hori irentsi nahi den hanburgesa kopuruarekiko. BBVAk %2 galdu zuen eta bi erraldoiek, aldiz, %1na pasa.
Grifolsek 1.800 milioiren balioa du burtsan. Bere kapitalizazioaren ia bikoitza da, 2.800 milioi euro, Talecris Biotheraupeutics bereganatzeko beharko duena. Eskudirua eta boto eskubiderik gabeko akzio jaulkiberritan ordainduko du bioteknologia enpresak eragiketa. Azken hilean Talecrisek batazbeste balio zuenarekiko %53ko gainsaria ordainduko du; alegia, munduko odol eratorrien lidertza eskuratu bai baina, akaso, hematokritoa lar behartuta lortuko du hori. AEBetako Nasdaq-en eta SIBEko etenik gabeko merkatuan salerosiko dira akzio berriok.
Ezin onkomun egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu