Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba ere, grebara

Lau alderdiek uste dute «subiranotasun politiko eta ekonomikoa» ezinbestekoa dela krisitik ateratzeko

Grebarekin bat egiteaz gain, burujabetza ekonomiko eta politikoa eskatu zuten atzo . GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
PPk, egin nahi duen lan erreformarekin, «egungo egoerara ekarri gaituen sistema bizirik mantendu eta kapital handien mozkinetan galerarik ez egotea» du helburu, EAren, Aralarren eta Alternatibaren iritzian. Baina, «gizartea kolpatzen ari den krisia gainditu ahal izateko», justizia sozialean oinarritutako alternatiba osatu behar dela uste dute lau alderdi horiek. Horregatik, ELAk, LABek, ESK-k eta EILASek martxoaren 29rako egindako greba deialdiari «erabateko babesa» eman diote.

Krisia gainditzeko ezinbesteko jotzen dute «subiranotasun politiko eta ekonomikoa», eta hori aldarrikatzeko kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei. Horretaz gain, «justizia sozialen eta eredu iraunkor batean oinarritutako Euskal Herria eraikitzea ahalbidetuko duen alternatiba diseinatu eta eraikitzeko» konpromisoa ere hartu dute.

Ezker abertzaleko, Aralarreko, EAko eta Alternatibako kideek agerraldia egin zuten atzo, Donostian. Telefono gorria mahai gainean zutela, Espainiako Gobernuaren politika ekonomikoari aurre egitea beharrezkoa dela nabarmendu zuten EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek eta ezker abertzaleko bozeramaile Txelui Morenok. «Euskal Herrian badaude greba orokorrerako baldintzak eta arrazoiak», esan zuten.

PPk egin nahi duen lan erreformak «murrizketa sozial larria» dakarrela uste dute, eta beraien iritzian, «beharrezkoa eta nahitaezkoa» da hari aurre egitea. Erantzun hori, «pairatzen ari garen erasoaren tamainakoa» izatea nahi dute.

Ez da aurreneko aldia lau alderdi horiek greba orokorrerako deiekin bat egiten dutela. Krisia hasi zenetik laugarren greba deialdia da martxoaren 29rako egindakoa, eta laugarren aldia da alderdi horiek deialdia babesten dutela. «Aurreko deialdietan bezala, gizarteari deia egiten diogu aldaketarako motor bihur dadin». Izan ere, greba «justizia sozialean oinarritutako eredu sozioekonomiko alternatibo baten eraikuntzan» urratsa izatea nahi dute.

Sindikatuak urteetan «Euskal Herriko langileen eskubideen defentsan irmo» aritu direla gogora ekarri dute alderdiek, baina, beraien irudiko, PPren lan erreformari erantzutea ez dagokie sindikatuei bakarrik. Krisia gainditzeko lortu nahi duten «subiranotasun politiko eta ekonomikora» iristeko, «modu bateratuan» aritu behar delakoan daude. Elkarlan horretan, sindikatuak, alderdiak, gizarte eragileak eta gizartea kokatu dituzte; «bakoitzak bere esparrutik eta era koordinatuan eragin behar du murrizketei aurre egiteko».

Beraiek konpromiso eta borondate politikoa agertu diete gizarteari eta langileei, «krisi larri honi» aurre egiteko. Eta horretarako, maila politiko eta instituzionalean ez ezik,«kalean ere» eragiteko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.