EAJk eta PPk Kutxabank EAEko bankuko Administrazio Kontseilurako lortutako akordioa, forma eta eduki aldetik, "erabat larria" dela deritzo ezker abertzaleak, eta ohartarazi du "betiko eskuinaren politika eta irizpideen arabera" gidatuko dela "gaur-gaurkoz" erakundea. Itun haren arabera, Bildu eta PSE-EE zuzendaritzatik at geratu dira.
"EAJk zein PPk bat egiten dute ekonomiaren ikuspegi neoliberalean; hain zuzen ere, egungo egoera ekonomiko katastrofikora ekarri gaituen ereduaren defentsan egiten dute bat", salatu du Joseba Permachek, Donostian Maribi Ugartebururekin emandako prentsaurrekoan.
"Kezkatuta" dago ezker abertzalea. "Euskal Herriko ekonomi erreala, ekonomia produktiboa, industria kooperatibak edota enpresa txikiak indartu beharrean, kaleratze eta desjabetzeen aurrean jarrera berri bat hartu beharrean, euskal instituzioekiko harreman eredua berritu beharrean, bertako ekonomiaren sistema finantzarioa bermatu beharrean…zer da bultzatuko dutena? Helburu espantsionista espekulatzaileak indartzeko apustua egiteko arriskua dago".
EAJri galdetu dio hori al den Euskal Herriarentzako egiten duen eskaintza, eta eskatu dio "herritarren borondatean oinarrituriko ordezkaritza zabalak osatu bitartean, ez dezala Kutxabank-en geroa zein euskal ekonomia baldintzatuko duen erabaki estrategikorik hartu". Erakunde berriak Euskal Herritik kanpoko bankuren bat erosiko ote duen beldur da ezker abertzalea.
Atzo hasi zen martxan Kutxabank, aurreko urtean BBK (Bizkaia), Kutxa (Gipuzkoa) eta Vital Kutxa (Araba) aurrezki kutxek bat egin ostean.