Pobrezia eta baztertze soziala datu “historikoetara” iristen ari da Ezkerraldean Izaskun Luke Portugaleteko EH Bilduko zinegotziaren esanetan. Langabezia gora eta gora egiten ari da azken boladan, eta horrek ondorio zuzenak ekarri ditu eskualdean. Une honetan 23.041 langabe daude, hau da, %22,5eko langabezia tasa daukate, eta datu horiek “gorantz doaz”. Egoera horrek Ezkerraldea Euskal Herriko lehen postuan jarri duela ohartarazi du, baita bertako herriak ere.
Sestaon %26,96ko langabezia tasa daukate, 3.492 langaberekin, eta Santurtzin, berriz, %22,9ko tasa, eta 5.074 pertsona lan bila. Hurrenez hurren, Euskal Herriko lehen eta laugarren herriak dira langabe kopuruari dagokionez. Barakaldon, bestetik, 10.067 langabe daude, eta %20,6ko tasa. Eta 10.000 langaberen muga psikologikoa igaro izana salatzeko, Berri Otxoak gizarte bazterkeriaren aurkako plataformak elkarteratzea egin du Barakaldoko udaletxearen aurrean kanpin dendak jarriz. “Herritar asko kale gorrian geratzen ari da, eta udalak ez du ezer egiten”, esan du Andoni Pango plataformako kideak. Salatu duenez, udalak ematen dituen laguntza ekonomikoak heren bat jaitsi dira joan den urtetik: “2012an 302 eskaera gehiago egon ziren”. Horregatik, Barakaldoko Udalari parte hartze handiagoa eskatu diote.
Langabezia igoera eta laguntza ekonomikoen jaitsiera merkatariek ere sumatu dute, “gutxiago kontsumitzen delako”, Pangoren esanetan. EH Bilduk emandako datuen arabera, 2007. eta 2012. urteen artean 2.049 enpresa eta denda itxi dira Ezkerraldean. Eta lana dutenek ere baldintza kaskarrak dituzte, 40.000 pertsonak kontratu “prekarioak” dauzkatelako. Ondorioz, etxe kaleratzeek ere gora egin dute eskualdean: 2011n 446 familia kaleratu zituzten, eta 2012an, berriz, 608. Hau da, astero hamabi etxe kaleratze izan ziren iaz Ezkerraldean. “Eta udaletako ordezkariek ez dute ezer egiten”, salatu du Pangok.
Kutxabank, “antisoziala”
Egoera ekonomiko zail horren erdian, Kutxabanken pribatizazioa salatu du EH Bilduk. “Euskal herritarron aldekoa izan beharrean, kapitalaren eta interes pribatu eta espekulatzaileen morroi izango den fundazio bat sortu nahi dute”. Baina oraindik pribatizazioa erabatekoa ez bada ere, une honetan “erabat antisoziala den finantza politika dauka”, esan du Lukek. Beste neurri batzuen artean, enpresei finantzaketarik ez ematea, gizarte ekintzako murrizketak egitea eta kaleratzeek aurrera jarraitzea leporatu diote BBK-Kutxabanki. Eta hori guztia “2012an 84,2 milioi euroko mozkina izan zuelarik”.
Beraz, Kutxabanken jarrera berriz aztertzeko eskatu die EH Bilduk EAJ, PP eta PSE-EEri. “Pertsonei eta egoera larri honen irtenbideari lehentasuna eman diezaietela, kapitalaren eta merkatuaren aurrean”. Bihar BBK-Kutxabankek Bilbon egingo duen batzar orokorrera eramango dute mezu hori, mobilizazio bidez. “Banku publiko nazional bat behar dugu, Bizkaiak eta Ezkerraldeak pairatzen duen egoera sozioekonomiko tamalgarria iraultzeko tresna izan dadin”.