Ezkerreko alderdiei akordioarekin bat egiteko eskatu diete CCOOk eta UGTk

Demokrazian lortutako akordio handietako bat dela diote, sistema suntsitzea oztopatu delako

Miren Garate.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Lan zaila dute aurrean CCOOk eta UGTk: langileei azaltzea onartu egin dutela erretiro adina atzeratzea, kotizatu beharreko urte kopurua gehitzea eta pentsio ordainak txikiagoak izatea. Eurek ere onartu dute «digestio bat» beharko duela akordioak. Dena den, bi sindikatuen arabera, «demokrazian lortutako akordio handietako bat» da, sistema suntsitzea eragotzi dutelako. Ezkerreko alderdiei eskatu diete bat egiteko akordioarekin.

Carmen Lopez pentsioen negoziaziorako UGTko arduradunak azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren asmoak «bideratzea» lortu dute. «Konbentzitu dugu, erretiro adina guztientzat 67 urtean finkatzea bezain neurri basatirik behar ez zenaz. Orain 61 urtetik 67 urtera arteko tartea egongo da erretiroa hartzeko, baina erreferentziatzat 65 urteak hartuta».

Bi sindikatuen arabera, gaur egun erretiratuta daudenen erdiak baino gehiago sistema berriarekin ere 65 urterekin erretiratuko ziren. Toledoko Ituneko ordezkariei adostutakoarekin bat egiteko eskatu diete, akordioa «beharrezkoa» zelako. «Konparaketak ez dira egin behar gaur egungo egoerarekin, gobernuak indarrean jarri nahi zuen erreformarekin baizik», gaineratu dute.

Mariano Raxoi PPko presidenteak adierazi du bere alderdiak «hitz egin, adostu eta eraiki» egin nahi duela, pentsioak urte askoan egon daitezen bermatuta. Uste du pentsioen erreforma alde guztien onespenarekin atera behar litzatekeela aurrera, «halako neurriek eztabaida politikoetatikkanpo egon behar luketelako». Dena den, pentsioak izoztearen aurka dagoela esan du Raxoik. «Neurri erabat bidegabea da, ez zegoen inolako beharrik».

IU, ERC eta BNG, kritiko

Espainiako Gobernuak, UGTk eta CCOOk adostutako erreforma gaitzetsi du Cayo Lara IUko koordinatzaileak. «Gerardo Diaz Ferran CEOEko idazkari nagusiaren desioa beteko dute: gehiago lan egin eta gutxiago kobratzea, alegia». Gizarte Segurantzak superabita duela gogorarazi du; ondorioz, Lararen esanetan, ez zegoen halako murrizketak egiteko arrazoi objektiborik. Gobernuak Gizarte Segurantzaren gastua %20 murriztu nahi duela dio, eta, era berean, finantza erakundeen negozioa suspertu pentsio pribatuen bidez. Erreformaren aurka mobilizatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du.

Joan Ridao ERCrenKongresuko bozeramaileak presiorako gaitasun gutxi izatea leporatu die sindikatuei. Erreforma aldatzen saiatuko direla esan du, «azken hitza kongresuak duelako». BNGk deitoratu egin du UGTk eta CCOOk halako «izugarrikeria» onartu izana. Pentsioak lehen ere Europako batez bestekotik behera zebiltzala adierazi du.

CiUk, ordea, «positibotzat» jo du akordioa. Arduraz jokatu dutela nabarmendu du Josep Antoni Duran Lleida bozeramaileak, eta babesa ezeren truke eman dutela gaineratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.