Lan gatazka

Ezkirotzeko Loxin enpresak 40 kaleratze egin nahi ditu

Aeronautika sektoreko enpresak lantaldearen hiru heren kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu dio langile batzordeari. ELAk dio leku aldatze kasu argia dela, eta lanuztera deitu du.

Aritex enpresarena da Loxin. BERRIA
xabier martin
2018ko apirilaren 25a
13:14
Entzun

Eskirotzeko Loxin enpresa kudeatzen duen multinazionalak jarduera erabat txikitzeko asmoa dauka Nafarroako lantegian. Joan den apirilaren 19an, 64 langileko taldetik 40 kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztuko duela jakinarazi zion langile batzordeari. ELA sindikatuak —lantegiko bost ordezkariak dauzka– uste du "leku aldatze eta azpikontratatze" kasu argi bat dela, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio "soluzio bat lehebailehen".

Loxin Nafarroako enpresa da jatorrian, baina Aritex katalanak eskuratu zuen, eta hura Txinako multinazional batena da. "Erregulazioaren helburua da 40 langile kaleratzea Eskirotzeko plantan, haren lan karga Txinako multinazional horren beste lantegitara eramateko, eta zati bat azpikontratatzeko", esplikatu du ELAk ohar batean; "beraz, leku aldatze prozesu argi bat da hau, kaleratzeen bidez".

4.0 industriako jarduera

"Enpleguari eusteko" antolatzen hasi dira Loxinen, eta gaur bertan bi orduko lanuztea egin dute, 10:00etatik 12:00etara. Ostiralean, berriz, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratuko dira, eta lanuztea egingo dute berriro. Nafarroako Gobernuaren parte hartzea nahi du sindikatuak, "enplegua bermatzeko", Garapen Ekonomikoko arduradunekin batzarra eskatu du.

Robotikan jarduten du Loxinek, aeronautikaren sektorean; "I+G atalean balio erantsi handikoa da, eta 4.0 industrian sartzen da bete-betean". Nafarroako Gobernuarentzat "estrategikoa beharko luke sektore horrek", ELAren ustez; horregatik, haren esku hartzea nahi du, "proiektu bideragarri bat bermatu dadin". Loxinek ez badio uko egiten lantaldearen hiru heren kaleratzeari, ELAk mobilizazio gehiagora deituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.