2010eko maiatza mugarria izan zen Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) Espainiako Gobernuko orduko presidentearentzat, Europak behartuta neurri gogorrak hartu zituelako defizit publikoa jaisteko asmoz eta babesak galtzen joan zelako. Gaur, xede berarekin, Mariano Raxoiren (PP) gobernuak bere lehen neurriak jakinarazi ditu, Ministroen Kontseiluaren bigarren bileraren ostean. "Ezohiko egoera" dela-eta 8.900 milioi euroko murrizketa iragarri du, baina hurrena "ezohiko neurri" gehiago hartuko ditu. Zapaterok bi urterako 15.000 milioikoa egin zuen.
Exekutibo berriaren neurri batzuk: 2012an estatuko funtzionarioen soldatak izoztu egingo ditu gobernuak eta haien asteko lanordu kopurua 37,5ra igoko du, gutxieneko soldata profesionala izoztu egingo du, administrazio publikoetako egiturak %20 murriztuko ditu, hainbat zerga "behin-behinean" igo egingo ditu (kasu, diru gehien dutenentzat), alderdi politiko, sindikatu eta enpresarien elkarteei diru laguntzak %20 jaitsiko dizkie...
Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, Luis de Guindos Ekonomia ministroak, Cristobal Montoro Ogasunekoak eta Fatima Bañez Enplegukoak eman dute prentsaurrekoa, Moncloan, eta aurrenak behin eta berriz aipatu du "Espainiarentzat hau ezohiko egoera" dela eta gobernuak horregatik "ezohiko neurriak" hartu behar izan dituela. Gainera, hark esan duenez, aurreikusi baino defizit handiagoarekin egin du topo PPk; "%8 ingurukoa da orain".
Ministerioka murrizketak dirutan: Enpleguan 439 milioi eurokoa, Atzerrian 1.016koa, Industrian 1.091koa, Nekazaritzan 401ekoa, Osasunean 409koa, Ekonomian 1.083koa, Defentsan 340koa, Barne Sailean 163koa, Justizian 48koa, Ogasunean 432koa, Sustapenean 1.614koa, Hezkuntzan 485ekoa, Presidentzian 19koa.
Neurri positiboen artean, pentsioak %1 igoko ditu gobernuak. Raxoik inbestidura saioan iragarri zuen igoera hori baino ez dutela egingo.
Langabeziako dirua agortu zaien eta formakuntza ikastaroak egiten dituzten lagunei urte erdiz luzatu die hileroko 400 euroko laguntza.