Eztanda batek langile bat hil du eta beste hiru zauritu AHTko obretan

Sobratutako lehergaiak eztanda egin du tunel bateko lanetan, Eskoriatzan; CCOOren arabera, langileak lehergaia erretzen ari ziren

Donostia
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Trenbide lasterra eraikitzeko lanetan izandako leherketa batek langile bat hil eta beste hiru zauritu zituen atzo, Eskoriatzan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 14:20 aldera jazo zen, Marin auzoan. Itxura denez, programatutako leherketak egiteko erabiltzen duten materialak eragin zuen istripua. Zaharkitutako lehergaia zeukaten lanean ari ziren lekutik gertu, eta, ustekabean, materialak eztanda egin zuen. Juan Ramon Unamuno CCOOko Gipuzkoako Eraikuntza Federazioko arduradunak zehaztu du langileak tunel baten barruan material zaharkitu hura erretzen ari zirela eta ezustean lehergaiak eztanda egin zuela.

Leherketak langile bat hil eta beste hiru zauritu zituen. Hildako gizonezkoak 55 urte zituen eta ukrainarra zen jaiotzez. Hasieran larri zaurituta zegoela zabaldu bazen ere, istripuaren lekuan bertan hil zen.

Zaurituetako bat, bulgariar jatorriko 42 urteko gizonezko bat, larri eraman zuten Gasteizko Txagorritxu erietxera. Zainketa berezien unitatean ospitaleratu zuten. Erreta dauka gorputzaren %15, eta zauriak ditu belarrietan eta begietan. Arratsaldean era guztietako azterketak egin zizkioten sendagileek. Osakidetzak adierazi zuenez, gutxienez tinpano bat zulatuta dauka, baina bestelako barne zauririk ez diote topatu. Larri dagoela baina hobera egiten ari dela argitu zuen.

Beste bi zaurituak Arrasateko erietxera eraman zituzten. Haietako bat, 34 urteko emakume bat, obra zaintzeaz arduratzen zen. Arriskutik kanpo dago, baina kolpe eta zauri ugari ditu gorputzean. Gaua ospitalean pasatu du. Arrasateko erietxera eraman zuten bigarren lagunari, berriz, atzo arratsaldean bertan eman zioten senda-agiria, kolpeak baizik ez zituelako.

Osalan Laneko Osasun eta Segurtasunerako erakundeko teknikariak, Ertzaintza eta Guardia Zibila berehala azaldu ziren istripua jazotako lekura. Ikerketa hasi zuten istripua zerk eragin zuen zehatz jakin ahal izateko.

Espainiako Sustapen Sailari dagokion AHTaren zatian jazo zen ezbeharra, Legutio eta Eskoriatza artean. 2,4 kilometro luze ditu zatiak, eta han sartzen da Albertiako tunelaren azken partea ere. Construcciones Ferroviarias Adif enpresa da zati horren kudeatzailea. Hark Ferrovial-Agroman enpresari eman zizkion lanak 2006ko abenduan, 65,6 milioi euroren truke. Hain zuzen, hildakoa eta zaurituak azken enpresa horrentzat ari ziren lanean.

Kritikak administrazioari

Sindikatuek gogor gaitzetsi dute gertatutakoa. AHT eraikitzeko lanen inguruan dagoen gardentasun falta salatu du ELAk. Azaldu du Eusko Trenbide Sareak enpresaren bidez Eusko Jaurlaritza dela lan horiek kudeatzeko ardura daukan erakundea. «Langileak zein baldintzatan aritzen diren jakin nahi dugu. Behin baino gehiagotan eskatu diogu lanetara sartzeko baimena, baina sarrera galarazi izan digu beti».

LABek ere erakundeen jarrera kritikatu du. «Patronala administrazio publikoa denean, haren errezeta berberak erabiltzen ditu. Ahalik eta denbora gutxienean eta ahalik eta kostu txikienarekin ahalik eta gehien egitea da haren helburua». Atzokoa bezalako istripuak baldintza horien ondorio direla adierazi du.

Horiek horrela, gertatutakoa salatu eta laneko segurtasuna bermatzeko neurriak eskatzeko, ELAk eta LABek deituta, elkarretaratzea egingo dute datorren astelehenean, 13:00etan, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen ordezkaritzaren parean.

Hildakoaren senideei babesa adierazi die CCOOk ere. AHTrako trenbidea eraikitzeko lanetan ari diren langileen baldintza txarrez jardun du hark ere. Goizeko zapietatik arratsaldeko zazpietara langileak hamabi orduko lanaldiak egitera behartzen dituztela azaldu du, eta segurtasuna aitzakiatzat jarrita sindikatuei ez dietela obrara sartzen uzten. CCOOk gaur 12:00etan Eskoriatzako Marin auzoan elkarretaratzera deitu du.

AHT Gelditu! Elkarlanean koordinakundeak, berriz, heriotza salatu, eta trenbide lasterra eraikitzeko lanak behin betiko geldiarazteko eskatu du. Egunotarako sindikatuek antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak ere gaitzetsi du gertaera. Esan du oso larria iruditzen zaiola prebentziorako tresna guztiak eskura izan arren oraindik ere langileen heriotza eragiten duten istripuak gertatzea.

Aralarrek eta Ezker Batuak, berriz, istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa bat eskatu dute. Aralarren irudiko, prekarietatearen eta lan baldintza kaskarren ondorio dira atzokoa bezalako ezbeharrak, eta egoera horri buelta emateko neurriak hartzea galdegin die erakundeei. EBk, berriz, arduraz jokatzeko eskatu die enpresaburu eta erakundeei, horrelakorik berriz gerta ez dadin.

Aurretik, beste bi

Atzokoa ez da AHTko obretan izandako lehen istripua, ez eta lehen heriotza ere. Azken bi urte eta erdian gutxienez beste bi langile zendu dira. Horietako bat aurtengo abuztuan hil zen, Duran (Araba) jazotako ezbeharrean. 49 urteko gizonezko bat zen, jaiotzez portugaldarra eta Construgomes enpresarentzat lan egiten zuen. Ave Zadorra aldi baterako enpresa elkarteak zeukan azpikontratatuta, kofratze lanetarako. Elektrokutatuta hil zen.

2008ko uztailean Lukun (Araba) gertatutako istripuan hil zenbeste langilea. Errumaniar jatorriko 51 urteko gizoneko bat zen ordukoan, egitura metalikoaren zati batek azpian harrapatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.