Facebooken burtsako porrota burtsaratzeak eragin zuen ikusminaren parekoa da. Facebooken akzioek 38 dolarretan hasi zuten Wall Streeteko ibilbidea duela hiru hilabete. Atzo 19,88 dolarren bueltan zebiltzan lehen orduetan, hau da, ia erdi prezioan (%47 gutxiago), hondoa jota. Herenegun, egun bakarrean, balioaren%6,27 galdu zuten.
Facebook 100.000 milioi dolarreko balioarekin hasi zen Wall Streeten kotizatzen (81.000 milioi euro). Gaur egun, burtsako balioa 43.000 milioi dolar ingurukoa da (35.000 milioi euro).
Okerragoa izan daiteke: Facebooken hainbat akziodunek orain arte debekatua izan dute akzioak saltzea —2.000 milioi akzio guztira—, baina herenegundik aurrera eta 2013ko maiatzera arte akzioak saldu ahal izango dituzte. Akziodun horien artean daude enpresako langileak, Microsoft, Goldman Sachs... Akzio gehienak azaroan geratuko dira aske, tartean langileenak eta Mark Zuckerberg enpresaren sortzaile eta kontseilari ordezkariarenak.
Akzioak saltzeko baimenaren eragina agerikoa da: herenegun Facebooken 156,7 milioi akzio salerosi ziren, asteazkenean halako hiru. Aurreko hilabeteko batez bestekoa 30 milioi akziokoa izan zen eguneko.
Facebook ez da salbuespena. Interneteko beste enpresa batzuen akzioen balioa ere asko jaitsi da saltzeko debekua bertan behera geratutakoan: Grouponenak %10 eta Linkedinenak %7.
Facebooken burtsako gainbehera ere ez da salbuespena: Zynga sare sozialetarako bideo jokoen ekoizlea 11 dolarreko prezioan hasi zen kotizatzen iazko abenduan, eta akzioek hiru dolar balio zuten atzo; Grouponen akzioak, berriz, 28 dolarretik bostera pasa dira iazko apiriletik. Txanponaren aurkia dira Apple, Google eta LinkedIn.
Ez dira garai onenak Facebookentzat. 157 milioi dolar galdu zituen bigarren hiruhilekoan (127 milioi euro), burtsan kotizatzen hasi osteko lehen emaitzetan. Enpresak esan du neurri batean konpentsazioak ordaindu behar izateak eragin dituela galerak.
Inbertitzaileek zalantzak dituzte Facebooken etorkizunaz. Negozio ereduaz, funtsean. Aurreko urteetako erabiltzaileen hazkundea moteldu da —955 milioi ditu—, eta inbertitzaileek ez dakite ea enpresak etekina atera ahal izango dien sakelakoen eta tableten erabiltzaileei. Hori da gehien handitzen ari den merkatua, eta Facebookek berak onartu du sakelakoetan duen hutsunea.
Sakelakoak, erakargarriagoak
Erabiltzaileen erdiek baino gehiagok sakelakoen edo tableten bidez jotzen dute Facebookera. Gainera, azterketek diote sakelako erabiltzaileak ordenagailuetakoak baino errentagarriagoak izan daitezkeela: denbora gehiago pasatzen dute Facebooken eta gehiago sartzen dira iragarkietan. Facebookek erronka handia du: nola jarri iragarkiak erabiltzaileak nazkatu gabe eta nola konbentzitu iragarleak iragarkien eraginkortasunaz.
Iragarkiak dira bere diru iturri nagusia. Bigarren hiruhilekoan 1.180 milioi dolarreko diru sarrerak izan ditu (956 milioi euro), iaz baino %32 gehiago. Iragarkien bidez 992 milioi dolar lortu ditu, diru sarreren %84.
Facebook ekainean hasi da sakelakoetan iragarkiak sartzen, eta oraindik ez du sendotu negozio eredua: hilean hamabost milioi euroren diru sarrerak lortzen ditu (hamabi milioi euro).
Burtsaratu aurreko eta ondorengo ekaitzak beste ondorio bat ere izan du. Zuckerbergen gaitasunari buruzko zalantzak ere sortu dira Facebook gobernatzeko.
'Facebluff'
Facebooken akzioek balioaren erdia galdu dute burtsaratu eta hiru hilabetera, eta enpresari buruzko zalantzak sortu diraOraindik ez du asmatu iragarkien bidez sakelakoen erabiltzaileei etekina ateratzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu