Sare sozialak

Facebooken informazioa, iragarleen eskura

Publizitate arloan Googleren lehiakide izateko plataforma bat abiatu du Facebookek. Ziurtatu du ez dituela erabiltzaileen datu pertsonalak zabalduko.

Mark Zuckerberg Facebooken sortzailea, hil honetan Mexikon emandako hitzaldi batean. ALEX CRUZ, EFE
2014ko urriaren 1a
14:53
Entzun

Atlas da Facebooken publizitate plataforma berria. Sare sozialetik kanpoko iragarkietarako erabiliko dute; hori, ordea, Facebooken bertan bildutako informazioa baliatuz egingo dute. Horrela, iragarleek neurtu ahal izango dute Facebookeko erabiltzaileek zein maiztasunarekin ikusten dituzten haien iragarkiak. Sare sozialean bildutako informazioarekin, erabiltzaileak gustuko dituen gauzen zerrenda osatzeko aukera izango dute, eta, horri esker, iragarleek hobeto identifikatu ahal izango dituzte haien bezero posibleak.

Kontuan izanda 1.300 milioi lagunen jardueretatik bildutako informazioa duela esku artean, Googlerentzat lehiakide gogorra bihur daiteke publizitate arloan. Erabiltzaileek, ordea, pribatutasunaren kontrako neurritzat hartu dute. Batzuek ardura agertu dute haien datuak erabiliko diren moduaren inguruan; beste batzuek, kexu diren horiei bidali diete mezua: bere garaian informazio pertsonala publiko egin bazuten, ondorioak datozkie orain.

Facebookeko arduradunen arabera, baina, erabiltzaileen pribatutasuna bermatuta geratzen da, eta saltzaileei ez die inoiz bere bezeroen identitatea jakinaraziko.

Neurri horren berri jakin ostean, Facebook utzi eta beste sare sozial batzuetan izena emateko deia egin dute: Ello publizitaterik gabeko sare sozialak erabiltzaile ugari jaso ditu azken orduetan, konpainia horretako arduradunen arabera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.