LAN GATAZKA

Fagor Etxetresnak-ek itxi egingo du Lapurdin duen enpresa nagusia

Brandten Parisko egoitzara eramango dute lana, eta 20 langile kaleratzeko bidean jarriko dituzte

NORA ARBELBIDE - BAIONA
2005eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Fagor Etxetresnak-ek Donibane Lohizunen duen enpresa ixtea pentsatzen du. Hasteko, erabaki hori helarazi zien zuzendaritzak bertan lanean ari diren 20 langileei urriaren 13an.

Egun horretan langileei erran zietenez, Lapurdiko enpresa honen «jarduera Brandten egoitza nagusira eramango dutela digute erran, hau da, Paris ondoko Rueil-Malmaisonera. Hortaz aparte ez dakigu deus», nabarmendu zuen Dominique Faches CFDTko enpresako ordezkariak. Langileek ez dakitela batere beren geroa nola marraztuko den agerira ekarri zuten. Haien ustez kanporatu egingo dituzte. Zuzendaritzak, bere aldetik, ez du oraino deus komunikatu horri buruz. «Guk galdegiten dugun gauza bakarra da gure lana ez galtzea»,argi utzi nahi zuen Isabelle Urruti, Fagorreko CFDTko ordezkariak. Lapurdiko enpresa nagusia ez da kooperatiba bat, baizik eta Fagor Etxetresnak-en filial bat, Elkarte Anonimo Sinplifikatu gisa antolatua. Bertan administrazio komertzialean eta teknikoan lan egiten dute. «Gure lana Fagor Frantzian saltzea izan zen», laburbildu zuen Urrutik. Preseski, Frantzian liderra den Brandt joan zen apirilean erosita, Donibane Lohizunetik Rueil-Malmaisonera pasatzea enpresaren berrantolaketa bat bezala ikus daiteke. «Jesus Catania MCCko kontseiluko lehendakariak Euskal Herrian enplegua atxikitzea dela bere lehentasunetako bat erran berri du. Nik galdegin nahi nioke harentzat Donibane Lohizune Euskal Herrian den ala ez», zalantzan jarri zuen Urrutik.

Brandt erosi eta Fagorreko langileak kanpoan

Kexu eta harrituak daude langileak, «bereziki ikusiz Fagor enpresaren diru irabaziak gero eta hobeak direla. Egoera paradoxikoa da. Fagorrek du Brandt erosten eta Fagorrek ditu bere langileak kanporatzen». Jokamolde hori batez ere salagarria iruditzen zaie. «Arrasateko kooperatibak araudi etiko, sozial eta demokratiko bat duela goraipatzen baitu. Baina zehazki, etekin arrazoiengatik jendea kanporatzen dute. Alta, kooperatibek ez dute etekinik egiterik», zioen Jean-Baptiste Etxeto CFDTko idazkari nagusiak.

Langileak ez dira horretan gelditzekoak, borroka antolatzekotan daude. «Nagusiak beren arduren aitzinean jarri nahi ditugu». Ondoko hitzordua azaroaren 7an dute. Egun horretan bilkura bat daukate langileen ordezkariek zuzendaritzarekin. Lehenik, beren xede nagusia20 langile baino gehiago direla hunkituak izanen argi uztea da. Alabaina, 20 langileei 30 komertzial gehitu behar zaizkiela diote. Eta hain zuzen, 50 izanki, Enpresa Batzorde bat sor lezakete eta langileak defendatzeko indarra handitu. Gainera, «50 lanpostu hauez gain beste enplegu anitz ere kolokan jarriko ditu, Mugerren Fagorrekin ari den tresnen metatzeko enpresa besteak beste», azaldu zuen Urrutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.