Fagor Etxetresnak kooperatibaren etorkizuna kolokan dago. "Fagor Etxetresnek, Lehiaketa legearen 5.3 artikuluaren babesean, Donostiako Merkataritza arloko epaitegian jakinarazi du zorra berregituratzeko aldez aurretiko negoziazioei ekin diela", azaltzen du kooperatibak hedabideei igorritako oharrak. Fagor Etxetresnak Mondragonen bigarren erreskatearen zain egon da aste honetan, haren bidez hartzekodunekin dituen zorrak ordaintzen hasteko esperantzan, eta jadanik zenbait plantatan produkzioa etenda dagoenez, haiek berriro martxan jartzeko. Baina, hura iritsi ez, eta konkurtso legera jo du.
Maiatzean 70 milioi euroko funtsa eratu zuen Mondragon taldeak kooperatiba guztien oniritziarekin, Fagorren alde jartzeko. Bigarren erreskate hori ez da gauzatu orain, eta Fagorri urgentziazko likidezia hori iritsiko ez zaionez, erabaki traumatikoak hartu beharko ditu seguruenera, planta ixteari eta lanpostuak galtzeari dagokionez. Konkurtso legera jo duenez, lau hilabeteko epea izango du hartzekodunekin akordioa erdiesteko. Hori da negoziazio epea. Hortik aurrera konkurtso legeak aurrera egingo du.
Fagor Etxetresnak 5.600 langile ditu mundu osoko hamaihiru herrialdetan, 1.600dik gora Euskal Herriko bost lantegietan; horietako gehienak bazkide dira, gainera. Lanpostu horiek guztiak kolokan daude gaurtik, Arrasateko kooperatibak oso zail daukalako jarduerarekin jarraitzea. Lanpostua galduko balute, langile bazkideek ez lukete langabezia saria jasotzerik izango, baina Mondrago taldeko aseguratzaile Lagun Aroren funts baten bidez euren soldaten %80ko ordainketak jasoko lituzkete epe batez
Enpresak 60,4 milioi euroko galera izan du ekainera arte etxetresnegileak, iazko epe bereko galera (20,3 milioi) halako hiru, eta negozio kopuruak %19 egin du behera, 609 milioi eurotik 491 milioira. 2012an 89 miloiko galera izan zuen eta %9 egin zuen atzera fakturazioan